Euskal Herria euskalduntzeko prozesua burutzetik urrun gaudenean, pandemiaren eta aldaketa-abagunearen astinaldiek prozesu horretan kostata eraiki ditugun zutabeak dar-dar batean uzten ari dira. Euskalduntzea ondo ez doanaren adierazleak begi-bistan ditugu, pandemiarekin okerrera egin duten adierazleak. Horrela, pandemiak aukeratzeko atakan jarri gaitu: azken hamarkadatan aurreratutakoa irabazpidean jartzeko normalizazio-prozesuan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo esanguratsua egin, ala, hori egin ezean berriz ere atzerako joeran erori.
EHEren ustez jauzi hori egiteko hizkuntza-politika berria behar dugu. Horrek eskatzen du eragile guztiek beraien jardunaren erdigunean euskara kokatzea, euskaratik eta euskaraz pentsatu eta aritzea behingoz.
Euskalduntzea bizkortzeko borrokak berrindartzea euskaltzaleon erronka izango da aurten. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen eguneroko urraketak agerian utzi eta euskaraz bizi ahal izatea oztopatzen digun zapalkuntza estrukturala salatu eta gainditzeko euskaltzaleen aktibazioa sustatzearen erronka.
Hori guztia estatuen kanpo esku-hartzerik gabe egin behar denaren aldarrikapena ere areagotu beharko dugu. Hori baita pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina: estatuen inposizio linguizida. Euskal herritarrok soilik erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun Euskal Herrian. Horri begira EHEk ekarpen garrantzitsua egingo du aurten. Ilusioa eta grina berreskuratu eta euskalduntzearen aldeko borroka berrindartzeko urtea izan dadin 2021 hau.