Euskaltzaindiak, Institut d’Estudis eta Real Academia Galegak eleaniztasuna aldarrikatu dute ondare erkide gisa

uriola.eus 2021ko ots. 11a, 12:39

Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeek adierazpen bateratua argitaratu dute, euskarak, katalanak eta galizierak hezkuntzan eta gizarte-esparru guztietan izan behar duten presentzia indartua aldarrikatzeko.

Hiru erakundeek adierazi dutenaren arabera, “galizierak, euskarak eta katalanak presentzia indartua behar dute eskolan, berezko hizkuntzen etorkizuna ziurtatuko bada, eta horrek ez diola ekarri, ez ekarriko, inolako kalterik gaztelaniaren gaitasunari”. Gainera, estatuko erakundeentzako aholkularitza-eginkizuna aldarrikatu eta eztabaida “publiko, informatu eta arrazional” batean parte hartzeko prest daudela esan dute.

Erakunde sinatzaileen aburuz, berezko hizkuntza ofizialki aitortuta duten erkidegoetako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araubideak edozein erkidegoren eskumen esklusiboa izan behar du, eta horrek berezko hizkuntza guztien eta gaztelaniaren gaitasun osoa eta berdina bermatzera bideratuta egon behar duela aipatu dute. Hala ere, autonomietako araudiek helburu hori jaso arren, gaztelaniaren gaitasuna erabat bermatu da aplikatu diren ereduetan, baina eredu orok ez du helburu bera bermatu katalanarentzat, euskararentzat eta galegoarentzat.

“Eztabaida publiko informatu eta arrazoizko batean parte hartu nahi genuke, Espainiako Estatuko hizkuntza-komunitateen eta hiztunen arteko begiruneari oratu eta elkarrekiko bizikidetza ahalbidetzeko”. Izan ere, Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galegak diote Espainiako Estatuak gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko lukeela hizkuntza-aniztasuna, ez “baztertu beharreko arazo gisa”.