Emakume palestinarren egoera ezagutzeko podcast tailer feminista antolatu du UNRWAk

uriola.eus 2021ko ots. 11a, 14:07

Palestinako emakumeei buruzko podcast feminista sortu du Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA). Podcast Feminisita Tailerra izeneko formazioa da eta Virginia Enebral kazetariarekin batera burutuko da, otsailaren 11, 18 eta 25ean eta martxoaren 4an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Macarena Arrietak Bilbo Hiria Irratian egin dioten elkarrizketa batean esan duenaren arabera, emakume palestinar errefuxiatuen istorioak kontatzea eta askotan “isilaraziak egoten diren emakume hauei ahotsa jartzea” da helburu nagusia. Honen bidez, gehienbat herrialde honen inguruko “aurreiritziekin apurtu” nahi da.

Formazioak lau bloke izango dituela adierazi du elkarrizketan. Lehenengoan, Palestinako testuingurua landuko da, ibilbide historikoa ezagutu eta aurreiritzien inguruan hitz egingo da. Bigarrenean, Virginia Enebral kazetariarekin podcast bat zer den azaldu eta eredu ezberdinak ezagutuko dira. Hirugarren blokean, emakume palestinar errefuxiatuen istorioetan sartuko da, nortzuk diren ezagutu eta podcast-a nola egingo den erabaki. Azkenik, grabatu egingo da, eta nahi den lekuetara zabaldu.