#BilbaoNegua2021 kulturako eta aisialdiko ekimena abian jarri du Bilboko Udalak

uriola.eus 2021ko ots. 12a, 11:05

#BilbaoNegua2021 programak 30 hitzordu proposatuko ditu, musika, erakusketak, antzerkia edo zinema bezalako ekimenekin. Otsailaren 15etik 21era gauzatuko dira Bilboko auzo ezberdinetan.

Expodistrito ekimenaren eskutik, José Angel Tejeroren erakusketa egongo da ikusgarri otsailaren 19ra arte. Begoñako udaltegian, berriz, Victoria Escaladaren margolanak, Otxarkoagako udaltegian Vidas resilientes erakusketa, UNICEF-ekin batera sortutako Mauritaniako neskato-mutikoen 18 argazkik osatuta, haien kontakizunak agertzen dituztenak. Eta San Frantziskoko udaltegian Flujo izeneko Javier Merinoren erakusketa egongo da.

Otsailaren 16, 17 eta 18an Bidaiaren txokoak bidaien eta abenturen gaineko ikuspegi ezberdin bat eskainiko du Begoñako udalteigan, Berriotxar ikastetxeko hitzaldi aretoan

Horrekin batera, Argazkineta ekimena jarriko da martxan otsailaren 26ra arte. Honen bidez, auzoen azken garaietako historia berreraiki eta sakondu nahi da, Bilboko auzoetako bizilagunek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin.

Bilborock, Bilbo Jazz eta Bilbo Arte ekimenak ere egingo dira ikusgai, besteak beste otsailaren 15etik 21era bitartean.