"Oztopo andana ditu emakume ijito batek hezkuntza sisteman mailaz igotzeko"

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko ots. 17a, 10:31

Euskal Autonomia Erkidegoan doktoretza lortzen duen etnia ijitoko lehen unibertsitate ikaslea elkarrizketatu zuen duela aste batzuk egunkari ezagun batek, horren aurrean AMUGEK, elkarrizketak emakume ijito askok pairatzen duten bazterketa egoera irudikatzen ez duela adierazi du.

Hiru ijito etxeetatik bi pobrezia gogorrean bizi direla, euskal emakume ijitoen %43a pobreziaren mugan bizi dela, %6ak soilik EAEko bigarren hezkuntza zikloa arrakastaz osatzen duela eta gainera, bizi itxaropena euskal biztanleriarena baino 20 urte txikiagoa dela eman du ezagutzera elkarteak, hots, datu hauek ez direla inondik inora elkarrizketan aipatzen azpimarratu du AMUGEk. <<Ijitoen komunitateak, bereziki emakumeek, izugarri pairatzen dute ijitoen aurkako disziplina anitzeko zapalkuntza transistemikoa>>

Egungo emakume ijitoen errealitatea beste bat dela gaineratu dute, izan ere, “eskola segregazioa, hizkuntza bazterketa eta aukeren desberdintasuna ugaria da hauen artean, eta horrek hezkuntza sisteman egindako bidea etengabe oztopatzen du”. 

"Neska ijito bat unibertsitatean doktoratu dela aldarrikatzea amets bat da gure borrokan; Baina egungo sistemaren errealitateak, ikusezin bihurtzen ditu egunero haurrek eta nerabeek aurre egin behar dizkieten zailtasun eta indarkeria anitzak, besteak beste, emakumeak direlako, ijitoak direlako eta baliabide ekonomikorik ez dutelako. Eta ahanzturan uzten ditu beren ahaleginekin zailtasun guztiak egunero gainditu eta helburuak lortzen dituzten guztiak, agian ez tesi bat bezain "argitaragarriak", baina berdin baliagarriak, duinak eta ausartak".

Hauen arabera, oztopo andana ditu emakume ijito batek hezkuntza sisteman mailaz igotzeko, elkarteak aipatzen dituenen artean aurkitzen dira familien eta hezkuntza komunitatearen arteko harreman txikia eta hauekin komunikatzeko mugak, ikasle ijitoen aukeren inguruko aurreiritziak baita orientazio akademikoari buruzko estereotipoak. 

"Hezkuntza inklusiboak ikasle guztien garapen handiena bultzatu behar du, bai eta komunitatea osatzen duten pertsona guztiekiko kohesioa ere. Egin ditzagun eskolak ijitoenak, sar dezagun ijito herriaren historia, kultura eta hizkuntza curriculumean, egin dezagun lan arrazismoaren aurkako ikuspegi batetik eta eman diezaiegun tresnak eta aukerak neska ijitoei" diote. 

Azkenik, elkarrizketa argitaratu duen egunkariaren webgunean doktoretza lortu duen emakumearen aurkako mezu arrazistak ageri direla gogor salatu du AMUGEk eta onartezina dela gogorarazi du.