2019ko azaroaren 1ean, 2an eta 3an ia 3.000 feminista elkartu ziren mugimendu zein borroka feministari buruzko “hausnarketak partekatzeko eta aurrerantzean urratu beharreko bideez eztabaidatzeko”. Liburuak hiru egun horietan bizitakoa eta bertara heltzeko prozedura eta ibilbidea kontatzen du: “Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ibilbidean aurrera egiteko tresna bat sortu nahi izan dugu”.
Liburuan, jardunaldietan jasotako eduki politikoez gain, prozesuan emandako urratsak daude: “Euskal Herriko Mugimendu Feministaren azken urteetako ibilbidea, koordinadoraren sorrera eta antolakuntza eredua, aurrekontuaren kudeaketa, euskara erdigunean jartzeko egindako proposamenak, erasoen protokoloa…”.
Edukia euskaraz zein gazteleraz dago. Gainera, ale bakoitzak, Mugimendu Feministaren erraiei begira ardatzean burututako asanblada parte hartzaileetan egin ziren milaka ekarpenak sintetizatzen dituen mapa kontzeptual zabalgarria eta ilustratua daramala adierazi dute.