Urazurrutia Aretoan argazki batzuk eta bideo performance bat ikusi ahal izango dira, Las Sobrantes; cartografía de Roma desde una perspectiva de género izenburua dutenak. Erroman garatu ziren, 2017an, eta emakumeak historian izan duen presentziari buruz aritzen dira. Horrekin batera Etxeko lanek gizartean duten garrantziari buruzko collage batzuk ere egongo dira. “Lan feminista esperimental horietatik abiatuta esperientzia kolektiboak, pertsonalak eta historikoak transmititzen saiatzen naiz”, azaldu du artistak.
Arkitektura zibikoaren bidez, emakumeak gizartean duen zereginari buruzko Acciones indomésticas izeneko proiekzioa ikusi ahal izango da. Bideoak performance batzuen grabazioa jasotzen du. Horietan, ikus daiteke artistak etxeak, "historikoki emakumeari esleitutako arkitekturak", tatuatzen dituela emakumeen bizkar gainean, besteak beste.
Azkenik, hormetako batean, atlas domestiko bat egongo da. Bertan Sádabak urte askotan zehar argazki, marrazki eta bideo-animazioekin eraiki dituen hainbat irudi aurkezten ditu. Urtetan eraikitzen joan den erreferente nagusiak ikusi ahal izango dira.
BilbaoArte Fundazioak zentroan bekadun izandako artistak teoria eta aktibismo feminista uztartzen ditu, sareak sortzeko eta genealogiak ezartzeko helburuarekin, lana isolatuta gera ez dadin. Bideoetan, gorputza erabiltzen du esperimentaziorako tresna gisa, eta, ondoren, editatzean eta muntatzean, bere ekintzak eta gorputzak editatu eta berreraiki egiten dira.