'Itoiz udako sesioak' dokumentala egiteko taldearen material bila ari dira

uriola.eus 2021ko ots. 24a, 10:23

Argazkia: Juan Luis Markaida

2022an aurkezteko asmoa du Doxa Producciones ekoiztetxeak Itoiz udako sesioak ikus entzunezkoa. Hori dela eta, musika taldeari buruz herritarrek izan dezaketen materiala biltzeko deialdia luzatu dute. 

Taldea 1976. urtean hasi eta 1988an desegin zen arte, asko izan dira Bilbon emandako kontzertuak, Plaza Berrian edo La Casillan adibidez. Horrez gain, ekoiztetxearen arabera, baliteke materiala Indar Trabes izenarekin oroitu edo gorde izana. 

"Uste dugu, ziren garaiak izanda, erraza dela informazioaren zati handi bat denboran galdu izana edo erregistratua ez egotea. Badakigu sortu zenetik taldeak jarraitzaile ugari izan zituela eta litekeena dela partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea. Orain arte informazio ugari bildu dugu baina badakigu oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela eta material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna, profesionala edo afizionatua , kalitatezkoa edo etxekoa izan" argitu dute