“Zalantza izpirik gabe” da urtengo edizioko leloa. Gazteen identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan begirada jarri dutela adierazi dute prentsaurrekoan jaialdiaren sortzaileek: “ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.
Jaialdiak hiru sail ofizial izango ditu urtero bezala: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hauen lehenengo proiekzioaren ondoren, martxoaren 5etik aurrea, Filmin plataforman jarriko dituzte ikusgai. Egunero sail bakoitzeko pelikula bat eskainiko dute eta 72 ordutan egongo dira eskuragarri.
Jaialdiari hasiera emateko, martxoaren 1ean, Jose Antonio C. Amunarrizen “Red Bay” film laburra proiektatuko dute Arriaga Antzokian.
Luzemetraiak ez ezik, laburmetraiak ere eskainiko dituzte. Hauek Bilborocken ikusi ahal izango dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera eta sarrera doakoarekin. Sei ziklo antolatu dituzte: “Haurtzaroa-Nerabezaroa”, “Emakume zuzendariak”, “Drag life”, “Erresilientziak”, “LGTBI+ Nagusiak” eta “Euskal Begiradak”.
ZG Hedapena
Jaialdia Bilbon amaitu ondoren, Euskal Herriko 40 herrietara hedatuko da 50 proiekzio baino gehiagorekin. Aurretik zeuden udalerrietara batuko dira Orio, Eskoriatza eta Aduna.
Gainera, martxoaren 1etik 8ra arte, Bilborekin batera, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta bertan ere proiekzioak izango dira, Valentina” film luzea eta “Euskal Begiradak” eta “Emakume zuzendariak” film laburren zikloak.