Kanariar Uharteetan gertatutakoa ez ezik, Europar Batasuneko gobernuen “inmigrazioaren aurkako politikek” heriotza horietan duten erantzukizuna, baita Espainiako gobernuarena ere salatuko du OEEk.
Kanaria Handiara, Tenerifera eta Fuerteventurara 9000 gazte migratzaile baino gehiago iritsi dira eta hauek makrokanpamenduetan sartu izana salatzen du plataformak. Gainera, “bertan bizitzeko gutxieneko baldintzak” betetzen ez dituztela adierazi du. Plataformaren arabera, kasu honetan aurrera eramandako politika Greziako eta Lampedusako uharteetan erabilitako berdina izan da. Politika hori “kartzela-uharteak eraikitzean” datza, OEEk dionez, baita Afrikatik eta Asiatik datozen migratzaileak Europako kontinentera sar ez daitezen, “Europar Batasunaren jarraibideak” jarraitzean ere.
Europako gobernuetako tropek Maliko gerran parte hartu izanaren aurka ere agertu dira. Izan ere, Kanarietara iritsi diren “ehunka migratzaile gazte” Malitik iritsitakoak dira.
Horrekin batera, biztanleriaren eta poliziaren sektoreren batek migratzaileen aurka egiten dituen ekintza xenofobo eta arrazistak salatu nahi dituzte: “Kanarietako jarrera neofaxistek eta Estatuko gainerako tokietakoek bultzatutako gorroto-giro batean bildutako ekintzak”.
Horren aurrean, Espainiako gobernuari eskatzen diote Kanarietara iristen diren migratzaileei harrera “duina eta giza eskubideekiko errespetuzkoa” egin diezaiela, eta bertan behera utz dezala gaur egun “uharteetan martxan dagoen atxiloketa-eremuen politika”.
Bestalde, Ozeano Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan, Saharako basamortuan eta Balkanetako baso eta mendietan bidaiatzeko sistema seguru bat ez ezik, Europar Batasunaren eta Afrikako herrialdeen arteko akordio ekonomikoak bi aldeentzat “bidezkoak eta onuragarriak” izatea nahi dute.
Hori dela eta, kontzentrazioa izango da bihar Arriaga plazan 11:30ean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren eskutik.