Loraldia Festibalean Zetak musika taldearen kontzertua eskainiko dute

uriola.eus 2021ko mar. 1a, 09:37

Loraldia Kultur Elkarteak Zetak musika taldearen Zeinen ederra izango den diskoaren ikuskizuna eskainiko du Arriaga Antzokian martxoaren 12an, festibalaren zazpigarren edizioan.

 
 

Pello Reparezek sortutako taldea da Zetak, musika elektronikoa euskaraz egiteko helburuarekin osatua. Haien lehenengo abestia 2019an kaleratu zuten eta Gaztea Sariak 2020ko hiru sari irabazi ditu: talde onena, zuzeneko onena eta konfinamenduko kantu onena.

Zeinen ederra izango den haien bigarren lana izan da eta diskoak guztira sei abesti ditu. Hauen helburua “benetan merezi duten gauzei atentzioa jartzen hastea da; eta agian ez horrenbeste, adibidez, sare sozialei” adierazi du taldeak.

Lan honen sortze-prozesua oso kolaboratiboa izan dela esan du Pello Reparez. Jende askok hartu du parte, bere amonak, amak, lehengusuak, kuadrillak, aitak, osabak, izebak, arrebak, ilobak…Taldearen arabera, lan hau modu erabat naturalean sortu den mugimendu baten isla da eta eragilea osasun-krisia izan da: “honetatik ikasten duguna betirako gordeko dugu”.