Arte diziplina ezberdineko lau sortzaileren hausnarketak jaso dituzte Ekilibrismoaren artea dokumentalean Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxe zuzendari bilbotarrek. Gari musikaria, Katixa Agirre idazlea, Erlea Maneros Zabala artista plastikoa eta Ainhoa Artetxe antzezlea dira protagonistak. Besteak beste, itxialdiak sormen prozesuan nola eragin dien, euren lana jendartean erakusteko izan dituzten oztopoak eta esparru pertsonal zein artistikoan Bilbok zer eskaintzen dien jorratzen dute kamera aurrean.
Dokumentalak ordubeteko iraupena du eta Bilbao Aurrera egitasmoari esker finantzatu dute. Itxialdiaren ostean Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemaren sektorea bultzatzeko Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiak bultzatutako dirulaguntza da. Aurkeztutako lanen artean sei aukeratu eta 14.000 euro bana eman zizkieten iraila eta abendu artean proiektuak gauzatzeko.
Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazok aurkeztutako proiektuak irabazi zituen puntu gehien. Irailean hasi ziren protagonistekin gidoia lantzen, urria eta azaroa bitartean han eta hemen grabatzen ibili ziren, eta gero, gabonetan aurkeztu zuten emaitza. Laster Ekilibrismoaren artea dokumentala ikusteko aukera izango dugu, lehenik pantaila txikian eta ostean handian.
Martxoaren 9an 23:15ean ETB1en emango dute, eta horren ostean hilabetez egongo da Nahieran ikusgai. Horrez gain, apirila hasiera aldera (data oraindik berretsi gabe dago) Bilbao Aurrera egitasmoak pase bana egingo du dirulaguntza jasotako lan guztiak erakusteko.