Nolako lana egiten du elkarteak?
Elkarte honen helburua etxeko langileen eskubideak aldarrikatzea da 1986. urtetik. Guk, batez ere, bi lan-ildo ditugu: errebindikazio-ekintza, eta, doako aholkularitza juridikoa ematea. Garrantzitsua da langileek beren eskubideen jabe izatea aldarrikatu ahal izateko.
Lan horri esker tresnak izaten ditugu merkatuaren bilakaera aztertzeko eta aldi berean badakigu zer aldarrikatu eraginkorrak izateko. Izan ere, urtero ateratzen ditugun estatistiken arabera egiten ditugu errebindikazio-kanpainak.
Zeintzuk dira langileek normalean dituzten arazoak?
Kaleratzeak edo lan-harreman amaierak zaintzen zuten pertsona hil egin delako.
Lan-baldintza txarretan dagoen langile bat zuengana iristen denean zer egiten duzue? Zein da prozesua?
Lehenik eta behin, langilea kontratatu duenari jakinarazpen bat bidaltzen diogu lan baldintzak hobetu ditzan. Horrez gain, legeak dioena zehaztu eta, bete ezean, lan-ikuskaritzara salatuko dugula jakinarazten diogu.
Ez gara langileari informazioa bidaltzera mugatzen; baizik eta beren eskubideak aldarrikatzen ditugu eta gauzatzeko baliabideak jartzen dizkiogu eskura.
Elkartearen sorreran ezarritako helburuak betetzen ari dira?
Sektore honetan oraindik asko dago egiteko, baina, jakina, hainbeste urteren ondoren, ikusi dugu helburu asko bete direla. Adibidez, elkartea sortu zenean edo ni bertan sartu nintzenean, 2000. urtean, sozialki ez zen onartzen etxeko langileak beste lan-sektore bat izatea. Gaur egun, lan handia egin dugu beste edozeinek bezala, lan-sektorea dela eta eskubideak izan behar dituela ikusarazteko.
Etxeko lanarekiko ikuspegia aldatu da beraz.
Etxeko enplegua agenda politikoan sartzea lortu dugu, baita pobreziaren aurkako aldarrikapen sozialetan eta mugimendu feministan ere. Etxeko lana ez da oharkabean pasatzen. Lorpen handia da. 2012ko lege aldaketa ere oso garrantzitsua izan zen, noski! Horretaz gain, urrats txikiagoak ere egin ditugu eta txikiagoak izan arren ez dira garrantzi gutxiagokoak.
Zeintzuk?
Oraintxe bertan, Lan-Ikuskaritzarekin elkarlanean gaude Gizarte Segurantzan 40 orduko lanaldia duten langileen kotitazio-oinarrien jarraipena egiteko. Hori ere oso lorpen garrantzitsua izan da. Lan Ministerioak, gainera, erabaki du etxeko langileen soldatak ikuskatzea eta, horren ondorioz, Gizarte-Segurantzak enplegatzaileen egoera arautu du eta legea betetzen dutela egiaztatuko dute. Urrats garrantzitsua izan da hori.
Onurak ekarriko ditu horrek?
Jakina, onurak ekarriko ditu. Hasteko eta bat, langileek gutxieneko soldataren truke kotizatuko dute. Horrek esan nahi du prestazio bat hartu behar dutenean, amatasun bajagatik, gaixotasunagatik edota erretiroagatik, kotizazio-tasa handiagoa izango dutela, gehiago kobratuko dutelako eta, gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen ari direla egiaztatuko dutelako.
Hala ere, araua indarrean zegoen lehendik eta gutxieneko soldata igo zen arren, eskubidea ez zen gauzatzen. Hori da, hain zuzen, aldarrikatzen ari garena: legea aldatzeaz eta langileek eskubideak izateaz gain, haiek gauzatzeko tresnak jarri behar ditu.
Pandemia dela eta, emakume askok lana utzi behar izan dute beste norbait zaindu ahal izateko. Horrek etxeko lanak gehiago prekarizatu du?
Pandemian zehar, itxialdiaren garai gogorrenean batez ere, kaleetan ibiltzerik ez zegoenez, bizilekua eta lantokia berbera izan duten emakumeen lanordu kopurua igo da, soldata ez, ordea.
Barne-langileei dagokienez, atseden hartzeko aukera gehiago izan dituzte, denok etxean sartuta egoteak kontzentziatu egin gaituelako.
Datuak onak dira, orduan?
Gero eta langile gehiago dira egoera administratibo eta erregularrean daudenak. Hau da, paperak dituzten atzerritarren eta autoktonoen artean, gero eta gehiago dira gizarte segurantzan altan emanda daudenak, gaur egun, etxeko langileen %90a.
Kontatzen ari zaren lan baldintza guztiek, atseden gutxik edota gelditu gabe lan egiteak, zer ondorio dituzte langileengan?
Atseden hartzeak lan-osasuna dakar. Ordu luzez lan egin duten langileen kasuak izaten ditugu eta askotan Burnout sindromea dute.
Zer da hori?
Atseden hartzeko aukerarik gabe langilea norbait zaintzen ari denean, eta are gehiago, zaintzen duen pertsona osasun egoera larrian badago, etxeko langileen osasunean eragin zuzena du arazo fisikoak dakartzalako.
COVID-19a dela eta, egoera berriak ikusi dituzue?
Egia esan, ez, pandemiak aurretik ikusitakoa larriagotu besterik ez duelako egin. Administrazioak ez du azalpen berezirik eman lan-osasunarekin erabateko nahasmena egon delako. Gure sektorean ere ezjakintasun handia egon da eta Ausolanek, gainera, alde batera utzi du enplegu globala.
Elkarteak artatutako pertsonen %98a emakume izan dira 2020an, azken urteetan bezala. Zergatik?
Etxeko enpleguaren sektorea estereotipo patriarkalek erabat feminizatutako sektorea da. Emakume izateagatik garbitzen eta zaintzen dakigulako uste zabaldua dago eta ez da egia. Gizon indartsuek gehiegizko pisua duten emakumeak zaintzen dituztelako usteak ere erakusten du sektorearen funtzionamenduaren ezagutza falta.
Zaintza-lanetan prestakuntza ezinbestekoa da. Adibidez, norbait dutxan sartzeko edo kalean paseatzeko mugitzen ikasi behar da, ez da indar kontua; trebetasuna baizik.
Baldintza hobeak dituzte gizonek?
Guk estatistiketan ez dugu emakume eta gizonen arteko bereizketa egiten, oso gizon gutxi ditugulako. Oso lagin txikia den arren, argi ikusten dugu sektore honetan ere gizonek baldintza hobeak dituztela.
Jende askok egiten du lan zaintzan, eta ez da lan gisa hartzen; oso zabalduta dago.
Aspaldiko arazoa da, baina aldatzen ari da. Gaur egun, etxean egiten den lana aintzat hartzen da. Halere, barne-langileek lo egiten duten denbora lan ordutzat hartzea aldarrikatzen dugu.
Aurtengo estatistikei erreparatuz, kanpo-langileen %89a gizarte segurantzan altan emanda dago. Zer gertatzen da beste %11arekin?
Etxe askotan lan egiten dutenak ez dira Gizarte-Segurantzan altan emanda egoten, baita hainbat etxetan ordu gutxitan beharrean daudenak ere. Gainera, Gizarte-Segurantza ez dago azken horietako pentsatuta, kuota oso altua baita soldatarekiko. Nolanahi ere, sektore honetan %89a alta emanda egotea oso ehuneko handia da.
Zure ustez, barne-lanak edo etxeko lana izateak lan ikusezina bihurtzea dakar?
Sektore gisa, azken urteotan guztion ahotan egotea lortu dugu. Orain, ez dago etxeko langileez gogoratzen ez den komunikabiderik. Egia da bakarka lan egiteak bakardadea sentiarazi dezakeela, aldarrikatzerakoan batez ere, baina sozialki ez zaigu sektore ikusezina iruditzen.