‘Plateretik baratzera’ lelopean abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

uriola.eus 2021ko mar. 12a, 10:31

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina hasi da eta martxoaren 24ra arte bertako produktuak eskatzeko aukera egongo da. Honen bidez, “ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bidea” proposatu nahi dute.

Kanpaina plateretik baratzera bidea egiteko saiakera dela adierazi dute, "auzolanean oinarritzen den ariketa kolektiboa”.

Errigoraren arabera, produktu ekologikoen eskaerak gora egin ahala, ekoitzitako produktuen kopurua ere igo egiten da. Gainera, hainbat ekoizlek jauzia egin dute ez-ekologikotik ekologikora. “Aurtengo kanpaina erronka gisa planteatu nahi dugu: gaur eskaera indartuz gero, bihar produktuon ekoizpena indartzeko pausuak emateko moduan izango gara”.

Oliba-olio birjina estraren lau barietate eskaintzen dituzte, bi ekologiko eta beste bi ez-ekologikoak. Kontserben kasuan, bederatzi produktu ekologiko eta 7 ez-ekologiko daude aukeran. Azkenik, arroz ekologikoa eta ez-ekologikoa eta pasta ekologikoa ere badira.

Kanpaina urtean behin egiten da, eskaera handiko produktuak saltzeko. Hori dela eta, kantitate handiak saltzen dituzte. "Urtean behin, urte guztirako". Eskaerak hilak 24ra arte egin ahal izango dira, online edo telefono bidez eta banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian burutuko da.

Errigoraren inguruan

Herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako eta Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du. 

Euskarak espazio berriak irabaztea eta Nafarroa hegoaldeak dituen produktuak Euskal Herri osoan zabaltzea dute helburu. Horrekin batera, betiko lan kolektiboa balioan jarri nahi dute.

Nafar hegoaldetik uzta eskutik eskura ez ezik, udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka ere egiten dute: zonaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte "bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua eginez".