Martxoak 8

ONEKA: "1080 euroko pentsioak emakume askoren egoera erabat duinduko luke"

uriola.eus 2021ko mar. 11a, 13:15

M8ko elkarrizketa zikloarekin jarraituz, oraingo honetan emakume pentsiodunen plataforma elkarrizketatu dugu Uriolan. Pandemia osteko emakume pentsiodunen egoera izan dugu hizpide. 

Hego Euskal Herrian, gizonezkoen  batez besteko pentsioa 1.434 eurokoa izan zen 2017an, emakumezkoen kasuan ostera  825 eurokoa. Nola egin aurre arrakala horri?

Lehenengo neurria, jadanik hartu beharrekoa da pentsionista guztiek pentsio duina izatea. Europako Gutun Sozialak 1080€ko pentsioa gomendatzen du. Bigarren neurria, alarguntasun pentsioa erregulazio oinarriaren %100koa izatea. Gaur egun ordea, %60koa da. Hala ere, sakon-sakoneko neurria soldaten arteko arrakala erabat gainditzea da gure ustez.

1080 euroko gutxiengo pentsioak nolako eragina izango luke  emakume pentsiodunen egoeran?

Kontutan hartuta gaur egun EAEn eta Nafarroan emakumeen %72ak baino gehiagok 1000€tik beherako pentsioa kobratzen duela, 1080€ko gutxieneko pentsioak emakume guzti horien egoera erabat duinduko luke.

Zein da pentsio arrakala horren jatorria edo arrazoia zuen ustez?

Historian emakumeek oztopo handiak izan dituzte lan munduan sartzeko, eta oraindik ere badituzte. Amatasuna dela eta, emakumeek lana utzi eta etxera bueltatu behar izaten zuten, baita, ezkontzean, “dotea” jasota, etxera itzultzera behartzen zituzten. Guzti horrek ondorio larriak izan ditu gaur egungo emakume pentsiodunengan, ezin izan baitute bizitza osoan zehar gutxiengo bat ere kotizatu. 

Hiru urte daramatzazue astelehenero Bilboko Udaletxe aurrean elkarretaratzeak egiten. Zer nolako garrantzia hartu dute zuen jardunean?

Emakumeentzako orokorrean, ahalduntze bat suposatu du, lotsa eta beldur asko gainditu dituzte eta beraien indarra kaleratu dute.  Gainera, ONEKAren sorrerak, bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduaren jaiotzarekin.  Horri esker, pentsioen eta pentsiodunen egoera, beste lorpenekin batera, politikarien agendetan sartu dela ezan dezakegu zalantzarik gabe.

Garapena izan dute elkarretaratzeek?

Hiru urte hauetan zehar, oso une indartsuak bizi izan ditugu. Herri honetan oso mobilizazio jendetsuak antolatu ditugu.  Gora beherak ere bizi izan ditugu noski, baina kalean gaude eta gure presentziak, errespetua lortu duela uste dugu. Udaletxearen aurrean jartzen gara hurbilen daukagun instituzioa delako.  

Pandemiak eragina izan du emakume pentsiodunen egoeran?

Zalantzarik gabe.  Alde batetik adinekoak izateagatik eta hortaz, zaurgarrienak izateagatik eta bigarrenik, pentsionista askok duten egunerokotasun prekarioagatik.   

Zaintza lanak erdigunera ekarri diren honetan. Zein da Onekak M8 honetarako egiten duen irakurketa, zaintza lanei dagokionez?

Zaintza-lanak betidanik egon dira gure aldarrikapenen erdigunean. Gizarte honetan baten batek aurrera atera baldin baditu zaintzak, orokorrean, gaur egun pentsionista diren emakumeak eta kasu askotan, pentsionista ez diren emakume nagusiak izan dira.

Garatu egin da mugimendu feminista duela 50 urtetik hona? Nolako aldaketa ikusi duzue?

Aldaketa izugarria ikusi dugu, eta horri esker, egun dauden arrakalak azaleratu dira arlo guztietan, gizon eta emakumen artean.  Zoritxarrez, oraindik ere asko geratzen da egiteko, aurreko erantzunetan ikusi dugunez.

Zein da emakume pentsionistek pentsiodunen mugimenduari egiten dioten ekarpena?

Pentsiodunen erdia baino gahiago emakumeak badira, imagina dezakegu pentsiodunen mugimendua emakume pentsiodunik gabe? Zer izango litzateke?

Emakume nagusien artean zein da feminismoareiko duzuen ikuspegia?

Orokorrean, oso positiboa. Hala eta guztiz ere, uste dugu emakume nagusien kolektiboa apur bat ahaztua egon dela feminismoaren aldetik.

Zein da ONEKAren eta mugimendu feministaren arteko harremana? elkarlana dago?

Bai, hasieratik Mugimendu Feministaren talde motorrean parte hartu izan dugu; baita antolakuntza guztietan. Joan den urteko Durangoko Jardunaldi Feministen hasierako ekimena, ONEKAk egin zuen.

Aspaldi hasi zen emakumeen eskubideen aldeko borroka.  Duela 50 urteko emakumeen lan baldintzak eta gaur egungoak ikusita. Zein aldaketa nabarmenduko zenituzkete?

Urrats handiak egin dira eta guzti horiek, etorkizuneko emakumeengan eta beraien bizitzan ondorio positibo nabarmenak izango dituzte.  Bereziki lan arloan eta beraiei, emakume bezala dagozkien eskubideengan. 

Familietako emakume erretiratuak arduratu izan dira gurasoak lanean zeuden bitartean umeak zaintzeaz eta bestelako arduretaz. Nolako eragina izan du pandemiak egoera horretan? lan hori egiten jarraitu dute?

Pandemia aurretik lan hori egiten zutenek, pandemian zehar ere, zalantzarik gabe, bere horretan jarraitu dutela ziur gaude, zoritxarrez, askoz egoera gogorragoetan eta arrisku bizian.