Martxoak 8

Maddi Bilbao eta June Telletxea: "Gure etxeetan bakarturik eta isilik nahi izan gaituzte, eta argi dago ez dutela lortu”

uriola.eus 2021ko mar. 12a, 14:24

Bilboko Gazte Sare Feministako kideak dira Maddi Bilbao Aretxaga eta June Telletxea Franco. Aurtengo martxoaren 8an 'neska* gazteok elkar saretuz, sistema arrakalatu' lelopean irten dira kalera. Mugimendu feministako kide diren aldetik, aurtengo aldarrikapenetaz egon gara haiekin hizketan. 

Martxoaren 8an Bilbo Feminista Saretzenek hiru ekintza antolatu zituen Bilboko leku ezberdinetan. Badute esanahi berezirik leku horiek? 

Aurtengo gaiarekin zerikusia dute. Atzerritarren bulegoan egindako ekintza, legediaren izaera arrazista salatzeko egin genuen. Arrazismoak pertsona migratuak egoera irregularrean bizitzera kondenatzen ditu eta prekarietate gordinean murgiltzera daramatza. Errealitate hau are konplexuagoa bihurtzen da emakume migratuen kasuan, horietako asko guztiz gutxietsita dauden zaintza lanen munduan murgiltzen baitira, euren bizi-baldintzak are gehiago kaxkartuz.

Atzerritarren bulegotik udaletxera jaitsi ginen astelehenetako pentsionisten mobilizazioari elkartasun keinu bat eginez, eta zubia zapiz bete genuen, zaintza lanei lotutako prekarietatea salatuz.

Bertatik Iberdrola dorrera jarraitu genuen, argia bezalako oinarrizko eskubideak negozio bihurtzen dituzten transnazionalak markatzeko eta milaka emakume pobrezia energetikoan bizitzera kondenatzen dituela salatzeko.

Eta helburua?

Zapalkuntzen arteko lotura erakutsi nahi genuen. Argi utzi errotiko aldaketa bat ekarriko duen borroka feminista artikulatu nahi badugu, arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurkako feminismoa izan behar duela.

Arrazismoa erdigunera ekarri du aurten mugimendu feministak. Zergatik? 

Bilbon denbora daramagu emakume zuri zein arrazializatuek osatutako espazioak artikulatzen, baina oraindik lan handia dugu egiteko pribilegioak deseraikitzen zein ikuspegi ez-koloniala barneratuko duen lan egiteko moduak sortzen. Mugimenduan ditugun erronka hauei erantzunez heldu diogu gaiari aurten eta bide horretan lanean jarraituko dugu.

M8 heldu baino lehen neska* gazteok dituzuen pribilegioetaz hausnartzeko tailerrak antolatu dituzue auzo ezberdinetan. Aurreko ideian dute jatorria tailerrek?

Mugimendu feministaren parte diren emakume arrazializatuek argi utzi diguten bezala (aurrera eraman duten urteetako borrokaren bidez, Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan, konpartitzen ditugun mugimenduaren espazioetan…) zapalkuntza horretan guri dagokiguna, gure zuritasunak ematen dizkigun pribilegioen inguruan hausnartzea, zalantzan jartzea, geure burua interpelatzea eta deseraikuntzaren bidean pausuak ematea da.

Gure helburua bide hori egiten hastea da, jakinik luzea izango dela, eta borrokari beste ekarpen bat egiteko asmoz planteatu genituen`gure pribilegioak birpentsatuz´ saioak.

Sistema arrakalatzeko deialdia  ere egin du aurten Euskal Herriko Mugimendu feministak. Non du jatorria erabaki horrek?

Egungo egoera ez da osasun krisia soilik, krisi sistemikoa da. Pandemiak agerian utzi du sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honetan bizitza ez dela jasangarria. Gainera, emakumeok daramagu bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren zaintza lanen zama.Horregatik diogu egoera honi buelta emateko sistema osoa arrakalatu beharra dagoela.

Nolakoa izan da aurten martxoak 8ko eguna antolatzea egungo neurriei eta egoerari dagokionez?

Zailagoa izan da pandemia egoeragatik. Bilbo Feminista Saretzen espaziotik martxoaren 8an kaleak aldarri feministaz betetzeko apustua egin zen, betiere arduraz eta gure buruak zainduz, beharrezkoak ziren segurtasun neurriak hartuz. Horrek antolakuntza eta koordinazio maila handia eskatu du, txalotzekoa da honen atzean ibili diren emakume guztiek egindako lana: manifestazioa diseinatzen ibili direnak, baliabide komunikatiboak produzitu dituztenak, ekimenak antolatu dituztenak, segurtasun txandak egin dituztenak, auzo mailan antolatu direnak… Argi geratu da antolakuntza feministaz dena dela posible eta gure aldarriak plazaratzeko modu asko daudela.

Manifestazioa egitearen inguruan eztabaida handia egon da azken egunetan. Zuek kalera ateratzeko hautua egin duzue, zergatik?

Esan bezala, egoera honek antolakuntza baldintzatzen du, baina horrek ez du esan nahi gure aldarria kalean egon behar ez denik. Argi dago denon osasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun neurriak mantendu behar direla, baina bereziki deigarria iruditzen zaigu zelako eztabaida sortu den M8 egunarekin, orain arte hainbat mobilizazio egin baitira inolako zalapartarik sortu gabe. 

Argi dago honen atzean borroka feminista kriminalizatzeko eta mezua desitxuratzeko asmoa egon dela, baina pozik diogu, oraingoan ere ez dutela lortu. 

M8ari begira, Bilboko Udalak aitortu egingo du emakumeek pandemian bizitza sozialari eta ekonomikoari egindako ekarpena.

Martxoak 8 edo azaroak 25 bezalako egunetan, berriro ere Bilboko Udalak bere aurpegiaren garbiketa egiteko helburua du, eta noski, inoiz ez du zapaltzen gaituen sistema bera zalantzan jartzen. Bide horretan eman beharko lukeen aurreneko pausua ere ez du eman: Bilboko mugimendu feministaren zilegitasuna kontuan izatea, eta behingoz mugimendu feministaren aldarriak aintzat hartzea.

Bilboko elkarte-talde feministen artean saretzeko apustua egin zenuten aspaldi.

Bilboko Mugimendu Feminista oso anitza da eta hori oso aberasgarria da gure ustez. Gure artean saretzea, koordinatzea eta antolakuntza zehatz bat definitzea mugimendu feministak egin duen urteetako lanaren emaitza da.

Nola joan da? 

Eztabaida ugari eman dira eta hartutako erabakiak praktikara eramatearen fruituak ikusten ari gara M8 edo AZ25 bezalako egun zehatzetan. Baita ematen diren erasoen auzoetako erantzunetan. Mugimendu Feministaren bateratzea ematea, ez bakarrik mobilizazioetan baizik eta helburu zein irakurketetan pausu garrantzitsua dela uste dugu; elkarrekin askoz ere indartsuagoak garelako. 

Zeintzuk dira gazte sarearen erronkak? Eta Bilboko emakume gazteenak? 

Logika horretan ere antolatzen gara Bilboko neska* gazteok. Badira urteak Bilboko auzo ezberdinetako neska* gazte taldeak gure artean saretzeko beharra ikusi genuela, gure artean lagundu eta gure auzoetako perspektibatik aterata Bilboko errealitatea kontuan izango duen borrokak martxan jartzeko. 

Nolako eragina izan du pandemiak Bilboko talde feministen lan politikoan?

Aurretik aipatu dugun bezala,  pandemia ez da arazoa bakarrik, borroka feministan elkar zaintzeko ahalegina egin dugulako eta egoera berriari egokitzeko gaitasuna izan dugulako, hausnarketarako denbora hartuz.

Baina kontuan izanda erakunde publikoetatik berriro ere, kapitalaren defentsan neurri ezberdinak hartu direla, herri mugimenduak, eta horren baitan mugimendu feministak, traba handiak izan ditu bere lana aurrera eramateko, baina oringoan osasunaren arazoaren aitzakiarekin. Gure etxeetan bakarturik eta isilik nahi izan gaituzte, eta argi dago ez dutela lortu.

Pandemiak mugimendu feminista indartu ala ahuldu duela uste duzue?  

Ez bata ez bestea, gure ustez mugimendu feminista indartsu dago eta argi dago egoerak gure jardun politikoaren berregokitzapena dakarrela, batez ere borrokatzeko tresnei dagokienez, baina aurretik esan dugun moduan, testuinguru honek agerian utzi du mugimendu feministak aspalditik salatutakoa: sistema ez da jasangarria, eta bizitzak erdigunera elkartzeko unea dela.Mugimendu feministaren berrespena izan da.

Zer dute hobetzeko instituzioek arlo honetan? 

Mugimendu feminista beraren zilegitasuna aitortzea, entzutea eta dagokion lekua ematea, hortik hasita, eman beharreko bidea luzea izango da.