Bolintxura martxa egingo dute larunbatean Supersur autobidearen kalteak salatzeko

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko mar. 26a, 11:47

Ampliacion Supersur Ez plataformak Bolintxura mendi martxa antolatu du Abusu auzotik abiatuta, Supersur autobidea handitzeko lanek haranean eragiten duten kalteak salatzeko. Mobilizazioa larunbatean abiatuko da Zamakola Kaleko 77. zenbakitik, goizeko 10:30ean. 

Eskaera argia da: "Bolintxu ez suntsitu, Bolintxu babestu egin behar duzue!". Hori da Ampliacion Supersur Ez! plataforma osatzen duten gizarte eragileek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diotena. Izan ere, plataformaren arabera, autobidea handitzeko azpiegiturek Bolintxu inguruko bailaretan kalte larriak eragin ditu. "Bailarako mendi-magaletan tunelen ahoak irekitzen ari dira jadanik, eta hurrengo urratsa bailararen bi aldeak lotzeko zubibidea eraikitzea izango da. Inguru natural gutxi dago Bilbon. Bioaniztasunari eta edertasunari dagokionez, haran hau bakarra da udalerrian, eta erabat suntsitzen ari dira". 

Supersur izenez ezaguna den autobidea handitzeko, Arnotegi mendiaren azpian tunel bat eraikitzea eta Bolintxu ibaiaren gainean 174 metro izango dituen zubibide bat egitea du helburu ia lau kilometro eta erdiko proiektuaren lehen faseak. Plataformak "ulertezina" dela dio, besteak beste, "instituzioek gizarteari kotxeen erabilera murrizteko eskatzen dioten bitartean halako autobideak eraikitzen hauen erabilera sustatzea baino ez dutelako lortzen". 

Autobidearen handitzeak mugikortasun eredu kaltegarri, garesti eta kutsagarri bat bultzatzen duela dio autobidea handitzearen aurkako plataformak eta hortaz "garraiobide jasanezinetan oinarritutako eredua alde batera uztea" aldarrikatzen dute plataformako kideek, eta baita garraio publikoari zein motorrik gabeko mugikortasunari lehentasuna ematea. 

Lanak aurrera doaz bitartean 

Bizkaiko Foru Aldundiak bere aldetik, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen eta AP68 errepidearen arteko konexioa 2023an operatibo egotea aurreikusten du, izan ere, Seberetxeko tuneletako zati bat eraikita dago jadanik, Venta Alta eta Bolintxuko bailara lotzen dituena hain zuzen.