AEK euskaltegi elkarteak 1980tik antolatzen duen lasterketak azken urteetan eboluzio handia izan du, bai Bilbon, baita Euskal Herri osoan ere. Urtetan zehar gero eta jende gehiago ikusi da kaleetan ospakizun honetan eta euskararen aldeko borrokan parte hartzen, kaleak euskaldunenak egiten.
Urteak igarota jende gehiago batu izana aurrerapausoa izan da euskara indarrean jartzeko lanean eta AEKri onura handiak ekarri dizkiola jakinarazi du Galder Lizarraldek. Haien helburua euskararen presentzia handitzea denez, jende gehiago batzeak "babes handiagoa" suposatzen du haien borrokarako eta azken urteetan hori lortu dutela ikusi da.
Aurten, bi urtero behin egiten den euskararen aldeko borroka urtebete atzeratu da Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz. Hori dela eta, aurten ez da Korrikaren 22. edizioa ospatu. Hala ere, AEKek Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika sortu du eta ekitaldia antolatu du aurten ere Euskal Herriko herri ezberdinetan euskararen alde egiten jarraitzeko asmoz. Galder Lizarraldek adierazi duenaren arabera, “Korrika atzeratu genuenean argi genuen euskararen presentzian aldaketak behar genituela, egunerokoaz aparte”. Horregatik “xumea” den zerbait egitea erabaki dute, ordu erdiko ekitaldia Euskal Herri osoan.
Korrika atzeratu ez balitz, martxoaren 28an amaituko zitekeen lasterketa. Horregatik, 80 hiri eta herrietan milaka pertsona elkartu ziren atzo lekukoa eskuan, euskararen alde egiteko.
Pandemiak eta ondorioz, Korrika ez ospatu izanak, galera ekonomiko handia ekarri dio elkarteari: “gizarte babes ekonomiko hori behar dugu eta guretzat sekulako kolpea da urtebete atzeratzea”. Haien eguneroko abarka ekonomikoaz gain, Korrikak ematen dien ekarpena beharrezkoa dute, hori baita elkarteak jasotzen duen diru-sarrera garrantzitsuena. Horregatik, diru-bilketa bat antolatu dute dinamikaren bitartez. Lizarralde seguru agertu da horren aurrean. “Erantzun positiboa” izaten ari dela eta ekarpen horiekin aurrera egin ahal izango dutelakoan dago.
Gauzak asko aldatu dira urtebetean eta hurrengo urteari begira zer gertatuko den jakitea ezinezkoa den arren, udararako gauzak ondo badoaz eta datorren ikasturtea normaltasunez hasten bada, Korrikak beti jaso duen babesa izango duelakoan dago elkartea. Bitartean, lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, euskarak toki handiagoa har dezan.
“Korrikarik ez izateak ez gaitu geldiaraziko”.