Amaitu da Loraldia Festibalaren 7. edizio "arrakastatsua"

uriola.eus 2021ko mar. 29a, 12:11

"Bikaina" izan da Loraldia festibalaren 7. edizioa. Izan ere, euskarazko sormena nagusi izan duen ekimenak 4000 ikusle baino gehiago bildu ditu Bilboko kultur agendan.  

Martxoaren 9an hasi eta 28an amaitu da Bilboko euskal kultura garaikidearen festibala. Ekimena amaituta, ia hiru asteko lana baloratzeari ekin dio elkarteak. 

Datuei dagokionez guztira 4000 ikusle baino gehiago bildu ditu Loraldia Festibalak aurten, online zein aretoetara hurbildu diren ikusleak kontuan hartuta. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 120 artista izan dira antolatutako ikuskizun zein emanaldietan. 

Hortaz, orokorrean balorazio "positiboa" egiten du elkarteak, alde batetik "bizi dugun egoerari aurre egiteko gai izan garelako eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta programatutako ekintza guztiak aurrera atera ahal izan direlako, kultura segurua dela erakutsiz" eta bigarrenik, "euskal kultur proposamen anitzak erdigunera ekarri direlako Bilbora eta Bilbo bilakatu delako hiru astez euskarazko kultur sormenaren erdigunea". 

20 egunetan zehar 26 ekintza ezberdin burutu dira festibalaren 7. edizio honetan, hiriko 13 areto ezberdinetan. Emanaldi guztietan izan den publikoaren erantzun paregabea azpimarratu nahi izan dute elkartetik, programazioak harrera paregabea izan baitu eta horrez gain, aretoak ere lepo bete baitira. "Ikuspegi artistikotik publikoak gozatu egin du, eta jarrera aldetik segurtasun eta babeserako baldintza guztiak bete izan ditu", gehitu dute.