'Ahotsa galdu dutenei hitza emateko' hitzaldia eskainiko du Inma Hernaez Riojak

uriola.eus 2021ko mar. 30a, 11:58

Ahots sintetiko pertsonalizatuak, ahotsa galdu dutenei hitza emateko hitzaldia eskainiko du Inma Hernaez Rioja ingeniariak apirilaren 21ean. 19:00etan izango da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4).

Ahotsaren prozesu digitalean espezializatu eta euskarazko ahotsa sintetizatzeko AhoTTS sistema sortu du Inma Hernaez Riojak. Hitzaldian, ahots sintetikoei eusten dien teknologia noraino aurreratu den azalduko du eta hainbat arrazoiren ondorioz ahotsa galdu duten pertsonen komunikazioa eta ongizatea hobetzen nola lagundu dezakeen.

Aholab Signal Processing Laboratory ikerketa-laborategiko zuzendaria da. Berak egiten dituen ikerketen artean ahotsa sintetizatu, bihurtu eta eraldatzeko teknikak; hizketa-teknologien aplikazioa bigarren hizkuntzen irakaskuntzan eta desgaitasunen bat duten pertsonei hizketa-teknologiez baliatzeko aukera emango dieten estrategien garapena nabarmentzen dira.

Hitzaldia Bidebarrieta Zientifikoa izeneko hitzaldi-zikloari atxikita dago eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen dute.

Modu presentzialean nahiz streaming bidez jarraitu ahal izango da, liburutegian bertan eta KulturguneaTB kanalaren bitartez. Bi kasuetan, doakoa den sarrera online eskurtatu beharko da Bilbao Kultura webguean.