Villasoundbilbao Fest apirilaren 9an hasiko da

uriola.eus 2021ko mar. 30a, 12:45

Villa SoundBilbao Fest-en parte hartzeko hautatutako 12 talde gazteen kontzertuak apirilaren 9an hasiko dira, 16 eta 30 urte bitarteko bakarlariak eta taldeak bultzatzeko eta herritarrei musikaren esparruan proposamen anitzak eta gaurkoak eskaintzeko helburuarekin.

Apirilean lau kontzertu eskainiko dira Bilborock-en, horietan aukeratutako 3 talde eta gonbidatu bat arituko dira. Apirilaren 9an Suave, Nun, A1 Goldie eta Dupla talde gonbidatua izango dira. Apirilaren 16an Olaia, Ramona's First Evil Boyfriend eta Monday Potions taldeak. Haiekin batera egongo da Aiko taldea gonbidatua. Apirilaren 23an Nize, Full Cab, Silitia eta Pantocrator. Azkenik, apirilaren 30ean Mona Rora, Blanquita Carraquela, Martin de Marte eta Depresión Sonora talde gonbidatua izango dira protagonistak.

Maiatzean lehiaketatik kanpo egongo diren beste 11 bakarlari eta talderen lau kontzertu eskainiko dira Deustuko Unibertsitateko Auditorioan, Bizkaia Aretoan, Bilborocken eta BBK Aretoan.

Jaialdian parte hartzen duten taldeen kontzertuen ondoren, 6 talde edo bakarlari hautatuko dira VSB MENTORING prestakuntza programan parte hartzeko. Maiatzetik urrira garatuko da programa hau eta honen bidez, taldeak eta bakarlariak bultzatu eta sustatu nahi dira, beren jarduera profesionalizatzeko tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez.

Programa amaitzeko VSB TOUR egingo da. Talde parte-hartzaileetako bat hautatuko dute 2021eko azken hiruhilekoan beste hiri batzuetan lau kontzertu eskaintzeko.