Armagintzaren kontrako bizikleta martxa egingo da larunbatean

uriola.eus 2021ko api. 7a, 13:25

13. Bizi Martxa deitu dute talde antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek apirilaren 10ean. Bilbo Handiko industria militarrarekin elkarlanean aritzen diren enpresa garrantzitsuenen aurrean elkartuko dira. Ondoren, 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregitik aterako da martxa.

Honen bidez, erakundeek sektore honetako euskal enpresekin gero eta inplikazio handiagoa izaten ari direla salatu nahi dute eta bitartean murrizketak egiten direla osasungintzan, pentsioetan, berdintasun-politikoetan, gizarte-prestazioetan edo etxebizitza duina izateko COVID-19ak gutxiagoturiko aukeretan. Gainera, ekoizpen militarra ekoizpen zibila bihur dadila eta arma-trafikoa buka dadila eskatzen dute.

Taldeek adierazi dute Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, ehun bat direla industria militarrarentzako ekoizten duten euskal enpresak eta Euskadik 600 milioi euro egiaztatzen dituela urtero industria horren bidez: “Estatuan gehien fakturatzen duen hirugarren erkidegoa da, Madril eta Andaluziaren atzetik”.

Bestalde, industria militarrerako Eusko Jaurlaritzak “100 milioi euro inguruko dirulaguntza” ematen duela aipatu dute Askapenak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek, Kakitzatek, Kem-Moc-ek, Komite Internazionalistak eta OEEk.

Hori dela eta, “industria militarra zibila bihurtzea" eskatuko dute larunbateko Bizi Martxaren bidez.