Behar duenari aterpea ematea eskatu dio OEEk Bilboko Udalari

uriola.eus 2021ko api. 9a, 12:21

"Bitarteko gehiago, aterpetxe eta eguneko zentro gehiago eta arrazakeria instituzional gutxiago" eskatu dio Ongi Etorri Errefuxiatuakek Bilboko Udalari. 

Azken hilabete honetan etxerik gabeko 2 pertsona hil dira kalean. Piotr 23 urteko gazte poloniarra eta Fatima, San Frantzisko auzoan sarritan ibiltzen zen emakumea. Gainera, otsailean udaltzaingoak kalean lo egiten zeuden hainbat gazte atera zituen gaua pasatzen ari ziren lekuetatik. Egoera kezkagarria dela eta, Ongi Etorri Errefuxiatuakek alkateari zuzendutako bi idazki erregistratu ditu Bilboko Udalean. 

"Zergatik, nahiz eta hiru hilabete baino gehiago erroldatuta egon, pertsona batzuek ez daude neguko aterpean?. Zergatik itxi zen hain azkar Montañoko aterpetxea “hotz-boladakoa”, jakinda kalean lotan jende asko dagoela?" dira idazkian ageri diren galderetako batzuk, izan ere, martxoan gertatutako heriotzez gain, OEEk salatu du udaltzainek kalean zeuden pertsonak atera dituztela gaua igarotzen zuten lekuetatik, besteak beste, Euskalduna zubipetik, Atxuriko kantxatik eta Campo de Volantinetik. Alkateak iritziz aldatu duela salatu du OEEk ere "hasiera batean agindu zion poliziari gaueko hamarretatik aurrera kalean bizi diren pertsonak errespeta zitzala eta ondoren lo egiten duten lekuetatik atera zitzatela". Hori gutxi balitz, "lekuak itxi edo hesitu dituzte, eta zaborrontzira bota dituzte egindako babeslekuak eta zituzten gauza urriak". 

Egoera ikusita, Montañoko aterpetxea berriz irekitzeko eskatu dio OEEk alkateari, "aterpetxea guztiz hornituta dago, eta nahiago du itxita eduki, kalean dauden pertsonak hartzea baino". Baita udaltzaingoak kalean bizi diren pertsonekiko tratu diskriminatzaile eta arrazistarik izan ez dezan. 

Irudia: Ecuador Etxea