400eko intzidentzia tasa igarota, Bilbo perimetralki itxiko da aste honetan

uriola.eus 2021ko api. 12a, 12:37

471,03ko intzidentzia tasarekin agertu da Bilbo gaur, Osakidetzak argitaratutako txosten epidemiologikoaren arabera. Hori dela eta, perimetralki itxiko diren udalerrien zerrendan sartuko da Bizkaiko hiriburua. 

Asteburuko datuen txosten epidemiologikoa argitaratu du Osakidetzak gaur, eta 100.000 biztanleko 470eko intzidentzia tasa gainditu du Bilbok, hortaz perimetralki ixteaz gain beste hainbat neurri ere indarrean sartuko dira aste honetan:

-Udalerri horietan, perimetroko udal-itxiera zehaztuko da, eta aukera emango da alboko udalerrira igarotzeko erosketak egiteko eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko.

-Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek murriztu egin beharko dute jendaurreko ordutegia, 06: 30etik 9: 30era; eta 13: 00etatik 16: 30era. Joko- eta apustu-lokalek ostalaritza-zerbitzuak soilik eman ahal izango dituzte beren barruan, tarte berberetan.

-Barnealdeko kirol-jarduerak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik, ezingo dira 4 pertsonako taldeak baino gehiago izan. Herri horietan kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak ixtea zehazten da, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren% 35ekin erabili ahal izango dira, eta dutxak banaka erabili ahal izango dira.

Datuak osasun eremuka

Osasun eremuen araberako sailkapena ageri da asteburuko txostenean, eta Bilbon, Deustu dago zerrendaren buruan 824ko intzidentzia tasarekin. Bolueta eta Otxarkoagako osasun eremuak daude honen ostean, 600 baino gehiagoko intzidentzia tasarekin. Eremu gorrian kokatuta dauden beste zentroak Basurtu, Bombero Etxaniz eta Begoña dira.