Bilbo, itxita gaurtik aurrera

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko api. 13a, 09:21
Bilboren udalerri mugakideak

Intzidentzia tasak asteburuan gora egin ostean, Bizkaiko hiriburuan itxiera perimetrala ezarri da gaurtik aurrera. Datuek hobera egin arte mugakide diren udalerrietara aire zabalean kirola egitera edota erosketak egitera soilik mugitu ahal izango gara bilbotarrok. 

Itxiera perimetralaz gain, bestelako neurri batzuk ere ezarri dira 100.000 biztanle baino gehiago dituzten eta 400eko intzidentzia tasa gainditu duten udalerrietan. 

Besteak beste 06:30-09:30 eta 13:00-16:30 ordu tarteetan egon ahalko dira bezeroak taberna zein jatetxeen barrualdean, joko aretoak barne. Lokalen kanpoaldea ordea zabalik egon daiteke establezimendua zabaltzen denetik arratsaldeko 20:00etan establezimendua itxi behar den arte. 

Neurri horren aurka errekurtsoa aurkeztu dute ostalariek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, izan ere, Hector Sanchezek, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko ordezkariak, Deia egunkariari egindako adierazpenen arabera, terrazarik ez duten tabernentzako "estalpeko itxiera" da. Horrez gain, uste du ez dagoela frogatuta horrelako neurriek birusaren eragina murrizten laguntzen dutenik. 

Kirola

Eremu gorritik atera arte, barnealdean gauzatzen diren kiroletan ezin izango dira lau pertsona baino gehiago elkartu, talde profesionalak eta federatuetan izan ezik. Halaber, aldagela eta dutxak ezingo dira erabilgarri egon igerilekuetan izan ezik. Azken hauen edukiera %35era murriztuko da, eta dutxak banaka erabili beharko dira. Kirol instalazioen edukiera %50ekoa da. 

Osasun eremuak 

Osasun eremuen araberako sailkapena ageri da asteburuko txostenean, eta Bilbon, Deustu dago zerrendaren buruan 824ko intzidentzia tasarekin. Bolueta eta Otxarkoagako osasun eremuak daude honen ostean, 600 baino gehiagoko intzidentzia tasarekin. Eremu gorrian kokatuta dauden beste zentroak Basurtu, Bombero Etxaniz eta Begoña dira. Taula ikus dezakezu hemen