Valentina eta Fito askatu! lelopean kontzentrazioa deitu du JARDUNek ostegunean

uriola.eus 2021ko api. 13a, 11:46

Elkarretaratzea antolatu du JARDUN Koordinadorak apirilaren 15erako, osteguna, Valentina eta Fitoren askatasuna aldarrikatzeko. 20:00etan izango da Etxebarrieta Anaien Enparantzan.

150 egun pasa dira Gaizka Astorkizaga "Fito" eta Valentina Morisolli atxilotu zituztenetik. JARDUNek dio poliziak hauen militantzia politikoa zigortu eta euskal preso politikoen aldeko dinamikak "kriminalizatu eta errotik moztea" zuela xede: “Espainiar estatuak atxiloketa hauek jardun biolentoaren aitzakiapean saldu nahi dituzten arren, Fitok eta Valentinak aurrera eramandako militantziaren eskutik eman dira”. Koordinadoraren ustez, estatu kapitalista beti saiatuko da “nola edo hala” borrokaren ikur diren eta diharduten preso politikoekiko elkartasun zein aldeko jardun politikoa errotik mozten.

Hori dela eta, atxiloketa hauen muinera jotzea beharrezkoa dela diote: “beharrezkoa da preso politikoek aurrera eramandako borroka politikoa gurea egin eta honetan berrestea”.

Egoera honen aurrean, JARDUN koordinadorearen parte diren Deustuko Amnistia aldeko antolakundetik eta Askatasun Haizea Herri Ekimenetik Fito eta Valentinaren “berehalako askatasuna” eskatzen dute eta hauen alde antolatutako dinamika eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dute.