ATX Teatroa: “Kultura turismoarekin zein ostalaritzarekin lotzen da, ez da sektore bezala tratatzen”

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko api. 15a, 13:39

Pagasarri mendiaren magalean lotu gara ATX Teatroko kideak diren Naia Muñoz Murua eta Iñaki Ziarrustarekin. Apirilaren 23an Erdu! Bilboko I. Haur Antzerki Jaialdia abiatuko dute Otxarkoagako Harrobia aretoan Bilboko Udalaren laguntzarekin. Jaialdiaren nondik norakoen inguruan hitz egiteaz gain, kulturaren egoeraren inguruan ere hausnartzen ibili gara haiekin.

Erdu! haur antzerki jaialdiaren lehenengo edizioa abiatuko da datorren astean. Nola zaudete?

Iñaki: Gogotsu. Oso aukera ez-ohikoa izan da eta espero dugu urteetan errepikatu ahal izatea. Ezjakintasun apur batekin ere bagaude, momentu honetan Bilbo gune gorrian dago, hurrengoan agian ez… ziurgabetasun horrekin gabiltza. Hala ere ikusi dugu jendeak oso ondo erantzun duela. Gainera badakigu zer ikuskizun izango diren eta kalitatea dutela, beraz, konfiantzarekin gaude.

Pandemia garaian antzerki jaialdi bat estreinatzea nolakoa izan da?

Naia: Gu ohituta gaude proiektuak zerotik abiatzera. Iñakik esan duen moduan, zailtasunik handiena egungo egoerarekin proiektu bat abiatzea izan da. Egunero neurriak aldatu diren begiratzen ibili behar gara. Orain Bilbo itxita dago eta izena eman duten ikusle asko Iparraldekoak eta Nafarroakoak dira. Ez dakigu etorri ahal izango diren.

Ondorioz, sarreren kontua egunero berritzen ari gara. Harreman estuagoa egin dugu izena eman dutenekin, egoera azaltzeko beraiekin harremanetan jarri behar izan garelako. Itxaron zerrenda luzea sortu da, eta nahita sortu dugu.

Ondo orduan?

N: Bai. Gaur egun aretoen edukiera %50era murriztuta dago eta orotara 42 pertsona sartuko dira. Hori dela eta, errazagoa izan da aretoa betetzea eta gainera jendearen jarrera oso ona izan dela ikusi dugu. Jende askok izena eman du eta jende asko itxaron zerrendetan geratu da.

Izen ematea apirilaren 1ean zabaldu zenuten. Nolako harrera izan du jaialdiak?

N: Lehenengo hamar egunetan ikuskizun guztietako edukiera bete da. Ekintza doakoa denean erraza da izena ematea eta gero agian ez agertzea, hori ere aurreikusten dugu eta horregatik eta dagoen egoerarengatik itxaron zerrenda sortu dugu. Guztira 100 pertsonek baino gehiagok eman dute izena eta oso pozik gaude.

Zein izan da jaialdi hau martxan jartzeko arrazoia?

I: Ez da egon gugandik jaiotako motibaziorik, guk ez dugulako gaitasun operatibo-ekonomiko nahikorik jaialdi bat aurkezteko. Iaz Bilboko udalak Covid-19a dela eta, Bilbao Aurrera Plana proiektua burutzeko diru-laguntzak atera zituen, kulturarekin lotutako ekintzak aurkeztu ahal izateko. Euskal Herrian ez dago haurrentzako antzerki jaialdirik, Estatuan aldiz badira batzuk oso ezagunak. Beti pentsatu dugu inbertsio pedagogiko-artistiko bat egin behar dela gazteen artean.

Hori da zuen helburua?

I: Gure eguneroko jarduerarekin helburu hori betetzen saiatzen gara. Gainera, jarduera berritzaileak dira jende gaztea biltzeko asmoz. Ideia horri lotuta, etorkizuneko publikoarengan, hau da, gazteengan eta txikiengan inbertitzea gure buruan betidanik egon den ideia da. Hori izan da motibazioa.

N: Gainera urte oso gogorra izan da eta konpainia guztiek aukera berriak aprobetxatu behar izan ditugu.

Covidak eragin zuzena izan du kulturan. Zuen ustez zein egoeratan aurkitzen da antzerkia orokorrean?

I: Betiko egoeran baino apur bat okerrago. Hau da, instituzioetan gauzak gaizki egitearen ondorioz, sektorea prekarietate egoeran zegoen lehendik ere. Kultura turismoarekin zein ostalaritzarekin lotzen da, baina ez da sektore bezala tratatzen.

Iparraldean, antzokiek irailetik itxita daramate. Hori sekulako deskalabrua da, ez bakarrik aktoreentzako, baita teknikari eta bertako langileentzako ere. Hemen, hegoaldean, antzokiak zabalik egon arren hauen programazioa maldan behera joan da erabat. Orain programatzen ari den emanaldi kantitatea oso negargarria da.

N: Epe luzera begiratu behar da eta antolatu. Hitz potoloak dira, baina horretan gabiltza. Sorkuntzek aurrera jarraitu dute eta gauza asko dago programatzeko, baina lekurik edo datarik ez. Zerbait positiboa esatearren, jendeak kultura behar duela ikusi dugu. Gaur egun aforoak txikiak diren arren, aretoak betetzen ari dira.

Zer nolako antzerkiak eskainiko dira?

N: Gure nahia argi izan dugu hasieratik eta Euskal Herri osoko euskarazko ikuskizunak ekartzea izan da. Nahi izan duguna eta ahal izan duguna ekarri dugu.

Ekarri ditugun ikuskizunetako batzuk estatuan egindako jaialdietan saritutakoak dira. Saiatu gara herrialde osoko ikuskizunak ekartzen, leku ezberdinetatik eta beti euskaraz. Gai ezberdinak jorratzen dituzte, errefuxiatuak, fabriketako emakume langileen kontua, ezberdina izatearen eskubidea…

Euskara hutsean egitea erabaki duzue.

I: ATX Teatroaren lehenengo aukera izan da beti euskaraz lan egitea. Dena den, naturaltasunetik datorren gauza bat da, gu euskaldunak gara, euskaraz hitz egiten dugu eta Euskal Herrian bizi gara. Euskaraz lan eta sortu egiten dugu. Hor ere badago konpromiso bat ez?

Adibidez?

Euskara hutsean lan egiten dugun momentutik aurrera, badakigu gure lan merkatua murritzagoa izango dela, Balmasedatik Mauleraino, hor hasi eta amaitzen da gure lan egiteko espazioa. Baina gure borroka pertsonala ere bada Euskal Herrian, euskal publikoarentzat euskaraz aritzea arazoa ez izatea.

Zer neurri hartu behar izan dituzue jaialdia aurrera eramateko?

N: Aurrez aurreko tiketen banaketa adibidez. Horrelako jaialdi bat beste egoera batean antolatuko bagenu ez litzateke aurretiazko sarrerarik egongo. Egungo egoera dela eta, asko kontrolatzen ari gara nor datorren, emanaldiaren egunean pertsona hori barruan dagoen edo ez jakiteko. Gero, areto guztietan hartu beharreko neurriak ere aipatu daitezke, metro eta erdiko tartea eta eskuak garbitzea adibidez.

ATX Teatroa da jaialdi honen antolatzailea. Zer da?

N: Antzerki konpania oso txiki bat gara. Iñakik eta biok osatzen dugu, eta tarteka beste pertsona batzuk ere egoten dira. Ikuskizunetaz gain, arte eszenikoen sektorearen barruan sartzen diren beste lan batzuk ere egiten ditugu, eszenografia tailerra daukagu, argiztapen eta soinu teknika lanak egiten ditugu, baita bitartekaritza ere.

I: Oso konpania operatiboa eta balio anitzekoa gara. Nahi izanez gero kanpo langilerik gabe gauzak egin ditzakegu: saltzaileak, zuzendariak, aktoreak, produktoreak eta komunikatzaileak gara eta horrek aukera eman digu sosik ez dagoenean gauzak sortzen jarraitzeko. Hori konpania sortu zenean gauza oso estrategikoa izan zen.

Zer beste estreinaldi ditu ATXk 2021ean?

I: Konpanian bi ikuskizun mota ditugu, txikiak eta handiak. Txikiak bakarrizketak izaten dira, aktore bakar bat dago eta teknika ere berak eramaten du. Handiak berriz nik zuzentzen ditudan arren, aktoreak, teknikariak eta bestelako langileak kontratatzen ditugu.

Balbea heriotzaren eta eutanasiaren inguruko ikuskizuna da, txikia, autonomoa. Hauek normalean ez ditugu antzokietan saltzen, antzokirik ez daukaten herrietan egin ohi ditugu, leku alternatiboetan, institutuetan… . Lubaki lainotsua belaunaldien arteko talkaren inguruko testuinguru batean kokatzen da. Hori da daukagun hurrengo ikuskizun handia eta urriaren erdialdean aurkezteko asmoa daukagu.