Elkarretaratzea egin zuten atzo Vivotecniako animalien kontrako tratu txarrak salatzeko

uriola.eus 2021ko api. 19a, 09:51
Irudia: Ecuador Etxea

Cruelty Free Internationalek pertsona bat Vivotecnian infiltratu eta egindako ikerketaren bidez, laborategiak animaliei egindako tratu txar eta abusuak argitu zituen. Hori dela eta, kontzentrazioa deitu zuten atzo Bizkaiko talde animalista batzuetako kideek Arriaga Antzokian. Honen bidez, animaliek jasandako abusuak salatu, animaliak bertatik ateratzeko eskatu eta animaliekin egiten diren esperimentuak gaitzetsi nahi izan dituzte.

Gertaeren berri izan ondoren, animalien eskubideen alde borrokatzen duten hainbat elkarte, talde eta pertsona Vivotecnia enpresaren kanpoaldean agertu ziren “berehalako neurriak eskatzeko”. Horren bidez eta sare sozialetan ezarritako presioaren bidez, laborategi horietako jarduerak bertan behera gelditzea lortu zuten eta ikerketa bat jarri zen martxan. Adierazi dutenaren arabera, orain duten helburu bakarra “animali horiek laborategi horretatik askatzea da”.

Hala ere, Vivotecnia ez ezik, badira beste laborategi batzuk. Animaliekin egiten diren esperimentazioak ez direla beharrezkoak eta ez daudela justifikatuak salatu dute. Pertsona askok animaliak "onurak ateratzeko erabil ditzaketen objektuak" izango balira bezala erabiltzearen kontra daude. Oraindik ere badira legezko tortura praktikak, hala nola tauromakia, ehiza, abeltzaintza eta hiltegiak.

"Arrazoirik gabeko" indarkeria mota horiek guztiak baztertzen dituztela adierazi dute: "hemen gaude gogorarazteko espezie guztietako animaliek kontzientzia dutela, interesak dituztela eta gizabanakoak direla".

Animalien ustiapenaren alde egitea berdintasun- eta justizia-kontzeptu berri baterako bidea izan daitekela uste dute, "planetako izaki bizidun guztiak babesteko".