‘Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan’ lelopean mobilizazioa deitu du Ikamak bihar

uriola.eus 2021ko api. 20a, 10:15

Pandemia dela eta, ikasleek bizi duten egoera salatzeko mobilizaziorako deia egin du Ikama Ikasle mugimenduak bihar, hilak 21, 11:00etan Arriagatik abiatuta.

Ikamak Naiz-i adierazi dionaren arabera, ikasturte hasiera “inoizko zailena” izan da ikasleentzat covid-19ak sortu duen egoeraren ondorioz eta “birusaren aurrean hartu ez zituzten neurrien eraginez”.

Kalean harreman sozialak murrizten zituzten bitartean, ikasgelek “masifikatuta” jarraitzen zutela jakinarazi dute. Hori dela eta, ‘Kalean 6, Klasean 26’ salaketa kanpaina jarri zuten martxan. Gainera, hezkuntza guneetana¡ azken hilabeteetan “kontrol sozial zein poliziala” areagotu egin dela esan dute. Horren aurrean, ‘Ez Gaituzue Kontrolatuko’ dinamika sortu zuten.

“Egoeraren karga hezkuntza komunitatearen gain erori da, guraso, irakasle, zuzendari eta batez ere, ikasleon gain”, nabarmendu du Ikamak. Egoera honi aurre egiteko Ikasle asanbladetan antolatzen jarraitzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du Ikasle mugimenduak, “ikasgelak hustu eta kaleak betetzeko”.

Egoera honen aurrean, kalera ateratzeko eta aho batez nahikoa dela esateko ordua iritsi dela uste dute: “behar ditugun neurriak exijitu eta hezkuntza ereduen erdigunean kokatzeko borrokatzera goaz”.