Bizkaiko pentsiodunek mobilizazioa egin dute txertaketaren planifikazio hobe baten alde

uriola.eus 2021ko api. 20a, 12:12
Irudia: Ecuador Etxea

Pentsiodunek manifestazioa egin zuten atzo udaletxetik hasita Osakidetzako egoitzara arte, 65 eta 79 urte bitarteko pertsonak “epe laburreko txertaketa-planetatik baztertzeagatik” haien gaitzespena adierazteko.

Adin-tarte horretako pertsonen kezka “oso nabarmena” dela adierazi dute izan ere, arrisku gehien dutenak dira eta azken asteetan “kutsatu eta ospitaleratu asko” egon dira.

Gainera azken egunetan hainbat nahasmen egon direla jakinarazi dute: “Joan den asteko ostegunean, Osasun sailburuak iragarri zuen 60 urtetik beherako pertsonek ez zutela oraingoz AstraZeneca txertoa jasoko. Baina, aldi berean, txerto horrekin 65 urtera arte ez ezik, 69 urtera arte ere txertatzen jarraituko zela adierazi zuen".

Hainbat pertsonari mezu baten bidez txertatzeko eguna eta ordua eskatu zezaketela esan ondoren, txertoak bukatu zirela eta berriak iritsi arte ezingo zirela txertatu jakinarazi zietela adierazi dute.

Egoera honen aurrean, astelehenero bezala “protesta pazifikoa” egin dute udaletxearen aurrean, arazo hau konpontzeko hartu beharreko neurriak hartu ditzaten eskatzeko.