Joxe Iriarte ‘Bikila’-k “Eman Zesarri Zesarrena” liburua aurkeztuko du bihar

uriola.eus 2021ko api. 21a, 12:07

 Joxe Iriarte `Bikila´-k Eman Zesarri Zesarrena liburuaren aurkezpena egingo du bihar, hilak 22, Hika Ateneon (Ibeni Kaia 1), goizeko 11:00etan. Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan diren “indarkerien gaineko errelatoari” bere ekarpena egin nahi izan dio. Hori dela eta, urteetan idatzitako iritzi artikuluen bilduma eskainiko du Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskutik.

Joxe Iriarterekin batera Hedoi Etxarte kazetaria eta Juan Ramon Garai editorea izango dira. Etxartek adierazi duenaren arabera, hiru ardatz ditu liburuak: “indarkeria orokorra, indarkeria zehatza eta munduaren eraldaketa”. Ibilbide politiko bat egiten duela azpimarratu du, beraz, “bizitzako zikloaren amaieran, militante batek atzera begira beti garrantzitsu jo duen gai baten inguruan egiten duen irakurketa bat” da.

Eman Zesarri Zesarrena ez ezik, beste hainbat liburu argitaratu ditu, ¿Los obreros tienen patria?, Orereta, herri borrokalari baten historia, Borrokaren gorrian, Ekaitz aroa eta Kamaradak, besteak beste. Gainera, gaur egun hedabide ugarietan iritzi artikulu eta saiakerak argitaratzen ditu.

Aurrekariak

Joxe Iriarte `Bikila´ 19 urte zituela hasi zen militantzia politikoan, ETAn eta CCOOn. 1966an atxilotu eta urtebetera klandestinitatera pasa zen. 1970ean ETA VI. Asanbladaren buruzagitzan parte hartu zuen eta Liga Komunista Iraultzailearen sortzaileetako bat izan zen. 1976ko Amnistiarekin herrira itzuli zen eta 1990ean LKI eta EMKren arteko fusioan parte hartu zuen. 1998an Zutik-eko Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zuen Zutik-eko kide gisa eta urtebete beranduago Gipuzkoako batzarkide aukeratu zuten Euskal Herritarrok-ekin.

Urte batzuk beranduago, 2011n, Gorripidea alderdiaren bozeramailea bihurtu zen, 2015ean Alternatiban sartu arte. Egun, alderdi honetako Koordinakunde Nazionaleko kidea eta EH Bilduko militantea da.