Mobilizazioa deitu du LABek maiatzaren 1ean

uriola.eus 2021ko api. 26a, 11:36

“Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo. Zaintza, lana, bizitza, herria!” lelopean abiatuko da manifestazioa Zabalburutik maiatzaren lehenean 11:00etan. Honen bidez, LABek egungo sisteman norabide aldaketa defendatu nahi du.

Pandemia dela eta, agerian gelditu dira bizitzeko funtsezkoak diren lanak. Kasu gehienetan emakumeenak eta prekarioak direnak dira LABen arabera eta enplegu hori duintzeko neurririk ez dela hartu salatu nahi du. Izan ere, lan-erreformen ondoriozko enpleguaren galeraren aurrean, erakundeek langileak baztertu izana kritikatu du.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea mundu mailako erronka da eta Euskal Herrian aldaketa hori ezkerretik zuzendu behar da, “langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz”.

Aitortza politiko eta sozial egokirik jasotzen ez duten langileen lan-baldintzak duintzeko borrokak ugaritu direla esan du idazkari nagusiak. Horrekin batera, “mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen borrokaren balioa” ere azpimarratu du.

Hori dela eta, maiatzaren lehenean mobilizatzeko deia egin dute, borroka horiek aitortzeko eta etorriko diren mobilizazio eta greben beharra aldarrikatzeko.