OEEk pertsona migratzaileen banku-diskriminazioaren aurkako martxa abiatuko du ostegunean

uriola.eus 2021ko api. 26a, 12:54

11:00etan abiatuko da martxa BBVA-ren egoitzatik hasita Espainiako Bankura iritsi arte, Gran Vian dauden hainbat banku zeharkatuz. Bankuek migratzaileekiko diskriminazioa salatu nahi du OEEk, egoiliar-txartelik ez dutenei banku-kontu bat irekitzea ukatzen dietelako.

Legeak banku guztiak baimentzen eta behartzen ditu kontuak irekitzera, baita egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei ere, eguneroko bizitzako dokumentuekin baita pasaportearekin ere. Hala ere, asko dira eskubidea ukatzen zaien pertsonak eta onartzen dituztenen kasuetan, “arbitrorioki” izaten dela adierazi du OEEk: “leihatila hartzen duen pertsonaren praxi onaren edo eskaerak erakusten duen irmotasunaren arabera, eta bertako lagunen batekin edo gizarte-mugimenduetako militanteren batekin joaten den kontuan hartuta”.

Hainbat izapidetarako kontu-zenbaki bat eskatzen dute, jakinda kasu askotan bete ezin den baldintza dela. Kasu horietan, “oztopoa jatorrian konpontzen saiatu beharrean”, pertsonak jokoz kanpo uztea edo legezkotasun zalantzagarriko bide alternatiboak bilatzen dituztela salatu dute.

Hori dela eta, euskal administrazioari “legearen eta XXI. mendeko gizartearen arabera” jokatzeko eskatu nahi diote protesta honen bidez.