FANT Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioa maiatzaren 7tik 16ra ospatuko da

uriola.eus 2021ko api. 28a, 11:38

Datorren ostiralean, maiatzak 7an, emango zaio hasiera FANT-en 27. edizioari. Sail ezberdinetan banatuko da jaialdia: Sail Ofiziala, Film Laburrak eta Panorama Fantastikoa. Bederatzi egunetan zehar, hainbat pelikula ikusteko aukera egongo da Golem Alhondigan eta Azkuna Zentroan.

Inaugurazio-ekitaldi batekin emango zaio hasiera Zinemaldi Fantastikoari. Diego Perez eta Olatz Ganboa aktoreak Campos Eliseos Antzokian egongo dira aurtengo edizioa aurkezten eta Igor Legarretak zuzendutako Ilargi Guztiak. Todas las lunas filmaren estreinaldia eskainiko dute bertan. Gainera, FANTROBIA saria eta Ohorezko FANT Saria banatuko dira. Lehenengoa Lluís Quilezi emango zaio eta bigarrena Jaume Balagueróri, Darkness, REC eta Mientras duermes bezalako filmen zuzendariari.

Sail ofizialean hamabi film aurkeztuko dira eta Film Luze Onenak, Gidoi Onenak eta Zuzendaritza Berritzaileenak FANT2021 saria jasoko du. Hautagai horien artean hiru estatu mailakoak izango dira eta bi europarrak.

Film laburretan, 31 proposamenen artean 3.000 euroko bi sari eskuratu ahal izango dituzte: Film Labur Onena eta Ikusleen Film Labur Onenaren Saria. Gainera, 1.500 euroko saria emango zaio Film Laburreko Fantasiazko Panoramako Film Labur Onenari eta 2.000 eurokoa Euskal Film labur Onenari. Izan ere, aurtengo jaialdian 11 film labur dira euskal errealizadoreek sinatutakoak eta maiatzaren 8an izango dira ikusgai Azkuna Zentroan. Hurrengo egunean, berriz, nazioarteko 10 film labur proiektatuko dituzte bertan.

Sari banaketak bi saio ezberdinetan egingo dira Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan: maiatzaren 16an eta 20an. Bertan, Panorama Sekzioko Palmaresa eta Sail Ofizialeko Palmaresa sariak banatuko dira.

Panorama Fantastikoaren Atalari dagokionez, Golem Alhondigako 2. aretoan sarrera doakoa izango duten nazioarteko hamar film labur eta sei film luze ikusteko aukera egongo da. Areto horretan bertan, “FANTeko maisuak” zikloa eskainiko da, generoaren izen handiei omenaldia egiten diena. Oraingoan, Boong Joon-ho Hego Koreakoko zuzendariari, Parasite pelikularekin izandako lorpenengatik eta Jack Sholder estatubatuarrari, The Hidden filmarengatik.

Edizio honetan "DokuFANT" eta “FANT Familian” atalak berreskuratuko ditu jaialdiak. Lehenengoan, Alexandre O. Philippek El exorcista-ren sorkuntza eta filmaketari buruz egindako dokumentalaren estatu mailako estreinaldia hartuko du maiatzaren 13an. Bigarrenean, Steven Wouterloodek zuzendutako Tess eta ni filma ikusteko aukera izango da maiatzaren 15ean.

Azkenik, Anything for Jackson Justin G. Dycken filmak emango dio amaiera jaialdiari. Estatu mailako estreinaldia izango da maiatzaren 15ekoa.

Jarduera bereziak

 Maiatzaren 5etik aurrera, “Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia” erakusketa egongo da Zabalguneko eraikinean. Bertan, komikiari, ilustrazioari eta diseinuari lotutako hogeita bost artista ezagunek eta berriek fantasiazko generoaren funtsezko ikono horretan inspiratutako irudiak egongo dira ikusgai.

Maiatzaren 8an Santiago Aguilar-ek Operación Torremolinos. El cine español de superagentes (1965-1967) liburua aurkeztuko du Azkuna Zentroan eta ondoren, Borja Crespok zuzenean grabatuko du La hora caníbal podcast-a. 

Hurrengo egunean, Nerea Torrijosek, Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik (Mursego), azken jantzien diseinu onenaren eta jatorrizko musika onenaren Goya irabazi dutenek, Akelarre filma ekoizteko sorkuntza-prozesuak azalduko dituzte.

Azkenik, Gorka Agirrek makillaje efektuei eta zinemako pertsonaiak sortzeari buruzko masterclass bat eskainiko du Campos Elíseos antzokiko Kupula Aretoan.