Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen arteko elkar ezagutza bermatzeko jaio zen Seguran duela 26 urte Iparra-Egoa elkartea.
Antolatutako hasierako ekimenetan iparraldeko gaiak landu arren, gutxika gutxika “nahiko genukeen Euskal Herri horri buruzko gaiak lantzen hasi ginen” dio Eurik, Kutxa Bira ekimenaren kooordinatzaileak.
Koronabirusa medio, joan den urtean 25. urteurrena bertan behera utzi behar izan zuten, eta egoera aldatu ez dela ikusita, Kutxa Bira ekimena martxan jartzea otu? zitzaien Baionako Etxepare Lizeoko ikasleei.
“Mezuz mezu eta herririk herri guztiok nahiko genukeen Euskal Herria irudikatzea” du helburu nagusi Kutxa Birak eta horretan ari da martxoaren 20an Carmen de Patagones (Argentina) hirian abiatu zenetik.
Apirilaren 2an Diasporatik Euskal Herrira iritsi zen, Etxepare Lizeora hain zuzen eta bertatik herrialdeko herri asko zapaldu ditu dagoeneko, Baigorri, Urdiñarbe, Hondarribia eta Legazpi besteak beste. “Kataluniari ere keinu bat egin nahi izan diogu eta Bartzelonara helduko da maiatzaren 15ean” azaldu du Eurik.
Herriz herri igaro ostean maiatzaren 30ean helduko da Segurara, ekimenari amaiera emanez: “Segurako ekimenean irudikatu nahiko genuke guztiok amesten dugun Euskal Herri hori, herrietako aldarri ezberdinak kontuan hartuta, euskalgintzakoak, presoak, gazteak…
Kutxa Bira Bilbon
Apirilaren 30ean goizean Abusu ikastolak hartuko du Laudiotik helduko den kutxa. Bertan, 11:30ean kutxari harrera egin ostean, arratsaldean txokolatada eta ekitaldiari hasiera emango diote 18:00etan Deustuko bidea hartuko duen arte. Deustura helduko denean Mikeldi Dantza taldeak harrera egingo dio. Ostean, Berbaizu Euskara Elkarteak kalejira antolatu du auzoko kaleetatik zehar arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldiari amaiera emateko, Done Petri plazan Bihotz Alai Dantza taldeak dantza egingo dio egurrezko kutxari eta Elorri Bertso Eskolako kideek kantatuko dute.