Hutsetik hortzera

mariagamboa17 2021ko api. 29a, 14:02

Gaur goizean,kafe bat hartzera kalera abiatzerakoan, gutunontzian begiratzea bururatu zait. Eskua sartu eta propaganda-paperak, auzoko kebapeko menua,  Foru Aldundiko jakinarazpen bat atera ditut. Horien artean zera topatu dut, postal bat. Hirutan begiratu behar izan dut, sinetsi ezinik.  «Ene bada! Claudiak bidali dit!».

Claudia txikitatik da nire lagun mina, eskolan gela berean, institutuan gela berean, batxilergoan ostera ere gela berean … Udalekuetan, saskibaloi taldean, koadrilan ere elkarrekin. Lau urte aritu da lanean, buru belarri, hiru urteko umeak hezitzeko «gai» izateko prestatzen. Claudia, beste gazte askoren modura, atzerrira joan zen Eramus egitera. Nire koadrilan horixe bera edo antzeko zer edo zer egin dute beste bederatzi lagunek ere. Batzuk urtebete eta beste batzuk urte erdia eman dute Europako, Amerikako eta Asiako txoko eta bazterretan.

Claudiak, nire koadrilako gehiengoak egin genuen modura, batxilergoa egin eta jarraian unibertsitate-ikasketak hasi genituen.  Hori baitzen, edo hala zirudien, jarraitu beharreko norabidea, haize-orratzaren agindua bete besterik ez genuen egin behar (besterik ez?). Dena den, goi-mailako ikasketak  ez direnez «nahiko», Claudiak, koadrilako beste gazte askok egin dugun modura, boluntariotza eta lana  tartekatu ditu unibertsitatearekin.  Horrez gain, Claudiak, hurbil ditudan beste gazte askok egin duten bezalaxe, akademiara joaten zen astero birritan edo, frantsesa ikastera eta tituluren bat ateratzeko.  Lau urte eman ditu Claudiak, lagun askok egin duten modura, unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo ikasten, lanean, komunitateari laguntza musu-truk  eskaintzen eta, azken finean, curriculuma mamitzen. Hala ere, Claudiak, euskal gazte askoren modura, gradua bukatu eta Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen beken bila ibili da. Hezkuntza esparrutik lan arlora igarotzeko beken programa delakoan sartu, eta irakasle aritu da hiru hilabete Bilboko eskola batean, zortzi ordu egunean eta bost egun astean. 

Nire laguna neska trebea, langile fina, temati eta lehiatia da. Eta, beste euskal gazte askoren modura, gradua bukatu, beka bukatu, eta etxean hutsari begiratzen gelditzearen beldur, ezerezaren beldur, zerbaiten bila eman ditu azken hilabeteak.  Eta, zuen buruari galdetuko diozue, zera, postala zergatik bidali didan. Itsasontziek egiten duten modura, gazteok ere noiz  edo noiz porturatu beharra dugu, haize-orratzak markatu digun norabidea  pausoz pauso jarraitu eta gero hara helduko garela suposatzen da, ezta? Bestela, nora goaz? Hondoratzea da bestelako hautabidea? Hala ez bada, horixe saldu digute behintzat.  Claudiak beste beka baterako izena ematea erabaki zuen, oraingoan atzerrian lan egiten hasteko. Horixe egin dute nire inguruko beste gazte batzuk ere.

Postala Pragatik bidali dit urtebetetzea zoriontzeko, nire ondoan egon ez den arren,  aurreko eta hurrengo guztietan egon eta egongo dela adieraziz.  Bere hitzen bizitasunak hunkitu nau, erraiak eta bihotza hankaz bera jarri dizkit, ez dut ukatuko. Claudiaren bidaia gazte guztion bidaia da. Gazteok batxilergoa bukatu, goi-mailako ikasketak egitera goaz gehiegi pentsatu barik (denbora askorik ez baitugu), eta, konturatu baino lehen,  edozein beka egiteko datuak betetzen topatzen dugu gure burua.   Eustaten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren %47.8  goi-mailako ikasketak burutu ditu,  eta,  hala eta guztiz ere, euskal gazteen % 37 baino gehiagok ez du kontratupeko lanik. Datu hutsak.

Formalki lan egiten hasteko eta etxetik atera ahal izateko perspektiba izatea ezinezkoa dirudi, txantxa bat, astakiloen burutazio bat besterik ez.  Bekak bukatu, masterra egin, oposaketak prestatu … Horiexek dira gure planak. Etengabe entzuten ari gara gazteak garela gizartearen etorkizuna, gure esku dagoela hemendik aurrera datorrena. Etengabe gogorarazten dizkigute bete behar ditugun baldintza guztiak gizartearen ongizatea mantentzeko, gure sorbaldetan dagoen zama baita. Aurretik  aipatu dudan lan eta esfortzu guztia ez baita nahikoa. Gure auzokoa baino prestakuntza hobea izan behar dugu, hizkuntza gehiago jakin, lan-esperientzia gehiago, Erasmus eleganteagoa …  Gure ametsetako lanpostua lortu nahi izanez gero beste gazteen artean gailendu behar gara, besteek baino denbora eta esfortzu handiagoa eskaini behar diogu gure etorkizunari. Itxura zaindu behar dugu, pirtzinik ez, tatuajerik ez,  «normalak» izan behar dugu. Hori da bestea , «normaltasuna».

Produktibotasuna eta funtzionaltasuna osasun mentalaren eta bizipozaren gainetik daude, horrelaxe dabil gizarte hau den gurpil zoroa.  Gurpil horretan sartzea da gure helburua, haize-orratzak harantz garamatza. Eta portura heltzerakoan, itsasertza oin-puntekin ukitzerakoan, bidaia madarikatu hori bukatzerakoan, helmugak ez bagaitu asetzen? Handik nora jo? 

Dena den, jakin badakit bidaia disfrutatzen dakigula, gazteon bizipoza zapuztea askoz zailagoa da hori baino. Bidaian aurrera egiten ez gara nekatuko, ez horixe, baina seguru nago pausotik pausora igaro bitartean eta egoeraz jabetzerakoan honetaz guztiaz  kexatzeko gogoak eta kemena izango ditugula oraindik.

Eskerrik asko Claudia, zure hitzengatik. Eskerrik asko inguruan ditudan gazte nekaezin, langile, ikasle, irakasle eta kulturagile guztiei.