'Gerturatu eta Lau' ekimenaren bigarren bertso saioa Bilbon izango da gaur

uriola.eus 2021ko mai. 11a, 11:06

“Gure esku legoke” lelopean egongo dira gaur Bilborocken 18:30ean Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihana Iguaran bertsolariak.

Miren Artetxe Bertsozale elkarteko kidea eta ekimenaren antolatzailearen arabera, “esperimentatzeko espazioak sortzeko asmoz” sortu da ekimena. Saio bakoitzak tematika bat du, “esperimentaziora bideratuta”. Gaurko saioan gaia publikoaren erabakimena izango dela adierazi du Artetxek Bizkaiko Irratian. Bertso saio arrunt batean hartzen diren erabakiak, kasu honetan, publikoak hartuko ditu.

Saioa bideratuko duten erabakiak hartzeaz gain, saioa amaitzean solasaldi bat egongo da. Miren Artetxek argitu du helburua ez dela soilik saio bat kontsumitzea: “gure asmoa espazio atseginak sortzea da, saioa komentatzeko eta solasaldi bat egiteko aukera izatea bertsolariek eta publikoak haien artean hitz egin dezaten”.