Bizkaiko Foru Aldundiko langileak epaituko dituzte ekainaren 7tik 9ra Irune Costumerori alabaren tutoretza kentzeagatik

uriola.eus 2021ko mai. 12a, 13:32
Irudia: June Fernandez

Irune Costumero eta honen alabarekiko prebarikazio, tratu txar eta lesio psikikoen delituak egozten zaizkie Bizkaiko Foru Aldundiko goi-funtzionarioei Alineazio Sindromea leporatuta alabaren tutoretza kentzeagatik.

Alaba 2012an jaio zenetik, aitarengandik tratu txarrak jaso dituela azaldu du Irune Costumerok Pikara Magazine-an egin dioten elkarrizketan. Hainbat epaietatik pasa ondoren, 2017ko abuztuan, ama eta alaba elkarrekin zeudela, Foru Aldundiak Ertzaintza bidali zuen hauen etxera foru agindu batekin alaba aitarengana eramateko. Akusatuek, Epaitegiari edo Ministerio Fiskalari inolako jakinarazpenik egin gabe, modu arbitrarioan, legearen aurkako administrazio-ebazpen bat ematea erabaki zuten, alabaren zaintza amari kentzeko.

Irune Costumerok adierazi "premiazko kautelazko neurriak" har zitzaten eskatu zuela eta 2019ko irailean onartu zizkiotela, baina alabak “aitarekin jarraitzen du”.

Aurtengo urtarrilean Bilboko Lehen Auzialdiko Epaitegiko epaile batek amak egindako zaintza partekatua berrezartzeko eskaera ukatu zuen eta aitaren zaintza esklusiboari eutsi zion, nahiz eta 2020ko azaroan egindako auzitegiko txosten baten arabera, alabak duen aitarenganako errefusa.

Alabaren tutoretza lortzeko borrokan jarraituko duela adierazi du Costumerok. Udal guztietan GAS-aren kontrako mozioak onartu direla jakinarazi du eta bide horretatik jarraitu nahi du: “Nire asmoa da Bizkaiko udal guztiek ere bide hori jarraitzea, eta horretarako alderdi politikoei laguntza eskatu diet”.