Palestinarekin Elkartasun mobilizazioa deitu dute bihar palestinarrek bizi duten egoera salatzeko

uriola.eus 2021ko mai. 14a, 12:10

Bihar, maiatzaren 15ean Nakba (palestinar exodoa) egunaren urteurrena dela eta, elkarretaratzea deitu dute Arriaga plazan 12:00etan, azken egunetako israeldar poliziaren, armadaren eta kolonoen palestinarrekiko indarkeria salatzeko.  

1948an, 500 herri palestinar baino gehiago suntsitu zituzten Nakban eta 800.000 pertsona baino gehiago kanporatuta gelditu ziren. Gaur egun, "garbiketa etniko horrek" jarraitzen duela adierazi du EAU de CAF-ek.

Ramadan hasi zenetik, Mezkiten zabalgunea eta Jerusalemgo Hiri Zaharra Israelgo armadak eta poliziak setiatu dituela adierazi du EAU de CAF-ek. Azken egunetan 600 pertsona baino gehiago zauritu dituzte. “Kolono israeldar armatuek jazarri, mehatxatu eta eraso egiten die palestinarrei, askotan polizia israeldarraren babespean”, jakinarazi dute. Gainera, hainbat familia etxegabetzeko arriskuan daude Jersualemgo Sheikh Jarrah auzoan.

EAU de CAF-en arabera, Gazara zabaldu da gatazka eta “bonbardeaketa etengabeak” burutu dituzte bertan ere, 100 pertsona zaurituz.

Hori dela eta, biharko elkarretaratzean palestinarren alde egingo dute eta “Palestinarekin elkartasuna” adierazteko deia egin dute.