Pandemiaren ondorioz sortu den egoera dela eta, Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileek “burujabetzan sakontzea hil ala biziko kontua izan daitekeela” adierazi dute. Argi esan dute herritarren erabakitzeko eskubidea nahi dutela: “Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura; krisia kudeatzeko eta krisi honetatik nola irtengogaren erabakitzeko”. Krisiari aurre egiteko ez ezik, edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko gai izatearen alde egiten dute.
Euskal Herriko alor anitzetako hainbat eragile erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat sustatzen ari dira, herritarren gehiengoak erabaki nahi duela ikusarazteko. Horren bidez, bildutako sinadurekin, euskal erakundeak interpelatuko dituzte “erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta garatu dezaten”.
Beraz, edozein dela erakundeen erantzuna, burujabetzarako bidean aurrera egingo dutela jakinarazi dute eta herritarrek ekimen honenganako konpromezua adierazteko hiru ekintza proposatu dituzte: webgunean erreferenduma sinatzea eta kanpainaren eskumuturrekoa eskuratu eta janztea; 11 sinaduren erronkari eustea, hau da, inguruko 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten saiatzea; azkenik, uztailaren 3ko Areatzako mobilizaziora joatea.
Gainera, datorren larunbatean, maiatzaren 22an, herri eta eskualde ezberdinetan “hitzordu garrantzitsuak” izango direla jakinarazi dute.