LGTB+ Fobiaren aurkako manifestazioa deitu dute gaur

uriola.eus 2021ko mai. 17a, 11:42

Gaur, maiatzaren 17a, "Erasoen aurrean, auzodefentsa transfeminista" lelopean LGTB+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren aldeko manifestazioa deitu du Ekainak 28 Koordinadorak. 17:00etan abiatuko da Mariaren Bihotza plazatik eta Unamuno plazara iritsiko da.

Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartearen arabera, 69 estatu kidek sexu bereko helduen artean adostutako sexu-ekintzak zigortzen jarraitzen dute. Gainera, Human Rights Watch-en arabera, pandemiak desberdintasun arrakalak eragin ditu, eta kolektibo batzuk besteak baino ahulagoak dira.

Berdindu Zerbitzuak LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko duela jakinarazi du: “Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea”.

Gainera, LAB sindikatuak ere LGTBI+ pertsonen aurkako erasoak "saretu, ahaldu, salatu eta erantzuteko" konpromezuan berrestu nahi izan du. Sindikatuaeren ustez, “LGTBI+ fobiak lan eremutik borrokatzeko ezinbestekoa da, gure artean saretu, elkar zaindu eta babestea, eta lantokian orientazio edo identitate sexualagatik jasaten diren urraketak ikusaraztea”. Erasoen beldurra dela eta, langileen gehiengoak ez du bere identitate edo orientazioa adierazten lantokian eta modu honetan “diskriminazioen katea luzatuz doa”.

Oraindik asko dagoela egiteko adierazi du sindikatuak eta sexu aniztasuna askatasunez bizitzearen alde borrokan jarraituko dutela. Bere aldetik, Bilboko Udalak ere berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko duea esan du, "aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin".