Afrika Eguna ospatuko da aste honetan Bilbon

uriola.eus 2021ko mai. 24a, 11:54

Maiatzaren 25a Afrikako Nazioarteko Eguna dela eta, kultura-, hezkuntza- eta mobilizazio- jarduerak egingo dituzte San Mamesen, hilaren 25etik 29ra bitartean, Afrikaren Aldeko Taldea osatzen duten erakundeek eta jatorri afrikarreko hainbat elkartek bultzatuta.

1963ko maiatzaren 25ean sortu zen Afrikako Batasuna eta kontinenteko estatuen arteko batasuna, elkartasuna eta lankidetza indartzeko lehen erakunde panafrikanista da. Afrikaren Eguna ezarri zenetik, Afrikako diasporako pertsona eta komunitateek ospakizun bihurtu dute, eta Egunak dituen helburuak hedatu dituzte bizi diren tokietako pertsona, komunitate eta herrietara.

Pandemiaren aurretik, hainbat hiriburuko beste jai bat bihurtzen ari zen Afrika Eguna: "tokiko administrazioaren babesa zuen eta immigrazioaren ardura zuten agintariek inauguratzen zuten ekitaldia". Topagune, elkarrizketa, truke, ezagutza eta errekonozimendu gune bat sortu zuten, "bizikidetza indartzen duten espazioak sortuz".

Aurten ere ospatu nahi izan dute eta horretarako, jarduera ezberdinak antolatuko dituzte Euskal Herriko hiriburuetan. Erakunde edo elkarte bat egongo da bakoitzean. Bilbon Anesvad Fundazioa egongo da, Saharaz hegoaldeko Afrikan Osasun Eskubidearen alde lan egiten duen erakundea, “osasuna gelditzen bada, dena gelditzen da” lelopean.

Lehenengo hiru egunetan, hilaren 25, 26 eta 27an, Anesvad Sarien VI. edizioa ospatuko da online bidez. Erakundeak doako topaketa digitalak antolatu ditu egun horietan osasun globalari buruz hausnartzeko, Elsa Punset filosofoaren eta Rafa Bengoa osasun publikoan adituaren parte-hartzearekin, besteak beste.

Gainera, Bizkaiko jatorri afrikarreko migratzaileen elkarteek ere hitzaldiak, tailerrak, artisau-merkatua, zinema, ipuin kontalariak, etab. antolatuko dituzte maiatzaren 25ean, 28an eta 29an La Terminal gunean “Afrika Eguna 2021 harrotasuna” lelopean.

Azkenik, 29an berdintasunaren aldeko borrokaren egoeraren kontinenteko erronka eta lorpenen inguruko hitzaldia eta nortasun erlijioso afrikarraren ingurukoa eskainiko dute. Jarraian, zuzeneko beste hainbat ekitaldi burutuko dituzte.