Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek euskara planak enpresetan sustatzeko eskatu diete alderdiei

uriola.eus 2021ko mai. 19a, 09:23

Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek CONFEBASKekin Lanbidearteko Akordioa sinatu nahi dute, 50 langile baino gehiago dituzten enpresa guztietan Euskara Plan bat negoziatzeko. Horregatik, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH-Bilduri aurkeztu diete proposamena.

Proposamen horren bidez, euskararen gaia “agendan sartzea besterik ez” dutela nahi adierazi dute: “eskaera bakarra da enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala”.

Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diete alderdiei, udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dutelako eta akordioaren aldeko “giroa” sortu nahi dutelako. Alderdiek, harrera ona eman eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatuko dutela jakinarazi dute.

Bitartean, Kontseiluak, ELAk eta LABek proposamena UGTri, Lan Sailari, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzari eta CONFEBASKeri aurkeztuko diete.