Erasoei aurre egiteko estrategia bateratu bat aldarrikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak

uriola.eus 2021ko mai. 24a, 11:49

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean kaleratutako epaiaren bueltan elkarretaratze jendetsua egin dute asteburuan Bilboko justizia jauregiaren atarian.

Irungo lan deialdi publikoan euskara jakitea baldintzatzat hartzea diskriminatzailea dela ondorioztatu zuen joan den astean EAEko Auzitegi Nagusiak. Honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazioa egin du asteburu honetan Bilbon, eragile eta elkarte askoren babesarekin batera: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Sortzen, Elhuyar, EMUN, Karmel, UEU, OEE, UEMA, Gerriko Kultura Elkartea… Baita beste zenbait eragile ere; tartean, Gure Esku Dago eta Oneka izan dira besteak beste larunbateko elkarretaratzean. 

Paul Bilbao kontseiluko idazkariaren hitzetan Auzitegi Nagusiaren epaia politikoa izan da eta honako hau azpimarratu nahi izan du: "epaiak oso argi esaten du hemen badela edozerren gainean dagoen printzipioa: edozein eskubideren gainetik, herritarroi gaztelania ezagutzeko ezarri zaigun derrigortasuna". Horrekin batera, epaiaren atzean botere juridikoak hizkuntza politika egiteko hartu duen inertzia aurkitzen dela gehitu du eta horrek "gure eskubideak are gehiago murrizten" dituela.

Halaber eskuhartze hauen aurrean batasuna eta berehalako erantzun soziala beharrezkoak direla azpimarratu du: "ezin gara besoak gurutzaturik geratu, ezin dugu etsipenetik jardun, ezin dugu besterik gabe epaia onartu. Hori aldatzeko lan egin behar dugu, denok batera". Eta estrategia bateratu baten beharra aldarrikatu du, hots, hizkuntza eskubideak murrizten eta euskaraz bizitzeko eskubidea galgatu nahi duen inertzia gelditzeko.