Bakearen eta armagabetzearen aldeko mobilizazioa deitu dute gaur talde feministek eta antimilitaristek

uriola.eus 2021ko mai. 24a, 13:10

Gaur Bakearen eta armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna izanda, Armiarma Talde Feminista eta Antimilitaristak eta Emakumeok Gerraren Aurka taldeak gerraren aurkako mobilizazioa deitu dute 19:15ean Marzana 16 kalean.

Bilboko kaleak hartuko dituzte “ez hiltzen gaituen gerrarik ezta zapaltzen gaituen bakerik” lelopean, gizartea desmilitarizatzeko eta bakearen eta armagabetzearen alde egiteko.

Gaur egun nagusitu diren militarizazioak, baliabide faltak eta murrizketak eragin zuzena izan dute emakumeen eta gerratik ihes egiten duten pertsonen bizitzan. Hori dela eta, talde antimilitaristek ejerzitoen eta “hiltzen dituzten armen aurrean”, bizitza eta zaintzak erdigunean jartzeko premia berrestsi eta bizitza duina aldarrikatzen dute pertsona guztientzat.  Horrekin batera, gerrak sortzen dituen kalteen aurka egin nahi dute: “herrietan suntsipena, heriotza, miseria eta nahitaezko desplazamenduak eragiten dituzte”.

Horren aurrean, egun honetan, gizartea “egoera kezkagarri” horretara eraman duen gizarte eredua berriz aztertzeko deia egiten dute, gizartea desmilitarizatuz eta arma-industria erabilera zibilerako ekoizpen bihurtuz.