Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eskola publikoaren aldeko mobilizazioa deitu du udazkenerako

uriola.eus 2021ko mai. 26a, 13:20

Eskola publikoa indartzeko eta hezkuntza publikoa ardatz bilakatzeko manifestaziorako deia egin dute datorren udazkenean Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek. Honen bidez, hezkuntza publiko duin bat aldarrikatu eta hezkuntza segmentazioarekin amaitu nahi dute.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eskola publikoa indartu nahi du, "azpiegiturak hobetuz, ratioak jeitsiz eta baliabide pertsonal eta materialetan inbertituz, eta denontzat den hezkuntza publikoa ardatz bilakatuz".

Abenduaren 14an Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Topagunea aurkeztu zuten hezkuntza-sistemaren diagnostikoa azalduz eta gaur egun dagoen “eskola-segregazioa” islatuz. Plataformak Eusko Jaurlaritzatik oraindik inolako erantzunik jaso ez izana salatu du.

Plataformaren arabera, "EAEko Hezkuntza Sailak areagotu baino ez du egin sufritzen dugun sistema duala". Izan ere, ELGAko herrialdeen artean, lehen hezkuntzako eskola-segregazioa neurtzen duen zerrendan, EAE laugarren postuan dagoela jakinarazi dute eta estatu mailari dagokionez, ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da.

Eskola-segregazioa hezkuntza publiko eta pribatuen artean aukeratzearen ondorioa dela dio plataformak. Honen arabera, kuota ekonomikoek segregazioa sortzen dute. Publikoa denona eta denontzat den bitartean, sare pribatua “kuotak ordaintzen dituztenentzat eta erlijio bat atxikitzen direnentzat da” eta hainbat familiari sarrera ukatzea salatu du.

Horren aurrean, ikasle guztiek “elkarbizitzarako gaitasuna lantzeko” aukera izatea bultzatu nahi dute, “pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko”, bai familia pobreen indize handia duten eskoletan, baita diru publikoarekin finantzatuta eta estratu sozioekonomiko ertain-altua duten haurrentzako soilik irekita dauden eskoletan ere. Gainera, segregazioak “euskararen normalizazioaren aurka” egiten duela ere adierazi dute.

Hezkuntza-lege berria 2024rako aurreikusten dute. Baina topagunearen arabera, lege horren bidez ez da egoera hobetuko “ez badie heltzen aipatutako arazoei”.

Horren aurrean, manifestaziorako deia egin duten datorren udazkenerako eta herritar guztiei dei nahi diete haiekin batera elkarrekin kalera ateratzeko.