Eskubide guztiak pertsona guztientzat

uriola.eus 2021ko mai. 28a, 12:07

"Errolda eta aterpea eskubideak dira" lelopean elkarretaratzea egin zuen atzo Ongi Etorri Errefuxiatuakek Bilboko udaletxearen aurrean.

 

 

Pertsona guztien eskubide guztiak bermatu daitezen, kanpaina bat abian du Ongi Etorri Errefuxiatuakek urte hasieratik. Helburua argia da: 20.000 biztanletik gorako udal guztietan, mankomunitateetan eta foru aldundietan "beharrezkoak diren zerbitzuak eskatzea eta sortzea".  Besteak beste, mendekotasuna, desgaitasuna, bazterketa eta babesgabetasuna baloratzeko eta diagnostikatzeko zerbitzua, gizarte premiei erantzuteko eguneko zerbitzua edo zentroa eta bazterketa egoeran dauden pertsonentzako egoitza zentroak egotea. 

Gaia Bilbora ekarrita, maiatzeko osoko bilkuran mozioa aurkeztu du OEEk, azkenaldian ez baitira gutxi izan udaltzaingoak lo egiteko lekuetatik kanporatu dituen pertsonak. Adibide bezala, Euskalduna zubiaren behekaldean edota Atxuriko kirol kantxetan lo egiten zutenak aipatu ditu. 

Egoerari aurre egiteko asmoz, udalbatzak Bilborako kontingentzia plan bat egin beharko lukeela dio OEEk, "inor kalean bizi ez dadin behar adina leku bermatzeko". Bestetik Altamirako aterpetxearen jarraitasuna eta Montañoko aterpetxea berriz irekitzea ere aldarrikatu du.