"Zinemetan jatorriz euskaraz ekoitzitako filmak ikusi nahi ditugu"

uriola.eus 2021ko eka. 1a, 11:06

Pantaila handian euskararen presentzia bermatuko duen lege propio baten beharra aldarrikatzen du Zinemak Euskaraz ekimenak.

Kulturako beste hainbat esparrutan "euskaldunok euskaratik eta euskaraz aritzeko eta gozatzeko aukera zabala dugun arren" euskarak zineman duen lekua oraindik txikia dela dio euskaltzale talde honek.

Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu dute Avaaz plataformaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Foru Erkidegoari eta Euskal Hirigune Elkargoko erakunde eta alderdiei Zinemaren legea adosteko eskatzeko eta "euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea errespetatu eta zinemetan euskararen presentzia ziurtatu dadin". 

Lege horrek zinemetan euskara, gazteleraren eta frantsesaren pare egotea ziurtatuko luke eta horrela, Euskal Herriko zinemetan emititzen den film bakoitzaren erdia euskarazko bertsioan emitituko litzateke, Kataluniako 20/2010 Zinearen legeak bermatzen duen bezala.