Ines Erkizia: "Ikerketara bideratzen den finantzaketa oso murritza da egun"

uriola.eus 2021ko eka. 16a, 11:12

Joan den astean Gasteizen ospatutako Ikergazte kongresuan parte hartu zuen Ines Erkiziak (Donostia, 1996). Leioako medikuntza fakultatean aurresan ezin den estres kroniko moderatua ikertzen ari da EHUren beka bati esker.

Joan den astean ospatutako Ikergazte kongresuan parte hartu duzu. Zer izan da zuretzako?

Ikertzaile gazteen arteko kolaborazioak sortu eta sustatzeko aukera izan da kongresu hau, baita nire ikerkuntza gaia Euskal Herriko beste ikertzaile batzuen artean ezagutzera emateko ere. Gainera, beste disziplina batzuetako ikertzaileengana heldu gara honi esker. Orokorrean ikertzaileen artean ezagutzeko aukera izan da.

Zure kasuan aurresan ezin den estres kroniko moderatua ikertzen ari zara. Zer da?

Jakina da depresioaren eta estresaren arteko harremana. Badakigu estresak gizakion organismoan psikologikoki eragiten duela, baina baita fisiologikoki ere eta gu harreman hori ikertzeko animalien ikerkuntzan oinarritzen ari gara. Estresaren bitartez animalia ereduari depresio motako sintomak eragiten dizkiogu. Horrela ikertu daiteke estresaren erantzun hori zein farmakoren bitartez eta zein eratan modulatu daitekeen.

Dagoeneko amaitu duzu?

Ez, oraindik ez. Doktoretza tesiaren bigarren urtean nago eta guztira lau urteko proiektua da. Oraindik hastapenetan gaude.

Gai hau zu bakarrik ikertzen ari zara?

Ez. Neuropsikofarmakologia izeneko ikerketa talde bateko kidea naiz. Horrez gain beste ikuspuntu batetik gure patologia berdinak ikertzen dituzten beste ikertzaile batzuekin batera aritzen gara Biocruces iInstitutuan eta Cibersam taldeetan. Biocrucesen adibidez psikiatria sailean dabiltzaten medikuekin gaude elkarlanean.

Era berean nire proiektua aurrera eramateko nire tesiaren bi zuzendariekin eta beste taldekide batzuekin batera esperimentuak egiten ditut. 

Nolako lan baldintzak dituzue?

Doktoretza-aurreko ikertzaileak kontratatzeko beka batekin Euskal Herriko Unibertsitatean lau urterako kontratatuta nago. Orokorrean gure soldata nahiko eskasa da eta lan kontratuan agertzen dena baino askoz ordu gehiago lan egiten dugu.

Nolako etorkizuna du ikertzaile gazte batek Euskal Herrian?

Ikertzaile gazte batentzat egoera ez da bikaina Euskal Herrian ezta Estatu mailan ere ez. EHUn kalitatezko ikerkuntza egiten da, ikerketa eta proiektu asko daude baina gazte batek esperientzia lortzeko egin dezakeen gauzarik onena nire ustez hemendik kanpora joatea da, kurrikuluma indartzeko. Gainera, ikerketara bideratzen den finantzaketa egun oso murritza da eta horregatik zailtasun asko daude gazte ikertzaile profesional bezala karrera propioa garatzeko.

Behin ikerketa hori amaituta beste bat hasteko asmoa daukazu?

Bai noski. Tesia amaitzen dudanean atzerrian doktoretza-ondorengo batean hasteko asmoa daukat,  neurofarmakologiarekin zerikusia duen ikerketaren batean.

Etorkizunean ikerkuntzan ikusten duzu zeure burua?

Bai. Oraingoz bai.

Uste duzu pandemiari esker ikerketak garrantzi gehiago izan dezakeela egun?

Agian. Barne Produktu Gordinaren %2a zientziara bideratzeko egitasmoa hasi dute eta hori seinale hona da. Pandemiak argi utzi du zientzia eta ikerketa gizarte osoarentzat ezinbestekoa dela, baina bestalde ez dakit agintariek orain arte esandakoak beteko dituzten.