E28 plataformak manifestazioaren berri emateko kaleratu duen oharrean adierazi du LGTB+ borroka “antikapitalista eta klasekoa” dela eta kapitalak LGTB+ identitateak asimilatzeko duen gaitasuna azaleratu du. Haien “eskubideen eta aldarrikapenen salmentari bide eman nahi dieten instituzioak” salatu dituzte, zehazki Bilboko Udalean jarriz fokua: “Udalak berriro jarri du bere LGTB-friendly txapita Bilboko LGTB pertsonen egoera hobetzen ez dituzten ekintza performatiboen bitartez; ordaindu beharreko jarduerek eta LGTB-friendly hotelek ez digute ezertan mesederik egiten”.
Horrelako ekitaldiei boikota egiteko deia luzatu dute eta koordinadorak antolatutako manifestazioarekin bat egitera animatu dute jendea, LGTB+ borroka klase borroka da lemapean. “Aurten, urtero bezala, ez gara garena soilik aldarrikatzera irtengo, baizik eta iraultza egiteko dugun boterea ere aldarrikatuko dugu”, azpimarratu dute.